Beldur Barik lehiaketan parte hartzeko azken egunak

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 6a

Iazko lehiaketako saridunak eta zenbait udal ordezkari.

Lasarte-Oriako Udalak 12 eta 20 urte arteko gazte herritarrak animatu ditu indarkeria matxistaren aurrean jarrera kritikoa erakusten duten ikus-entzunezko lanak aurkeztera, Beldur Barik lehiaketaren barruan. Igandea izango da parte hartzeko azken eguna. Lanak, gehienez, hiru minutukoak izan daitezkeela zehaztu du.

Emakundek bultzatutako eta hainbat euskal erakundek babestutako ekimena da Beldur Barik 2025, eta gazteen artean indarkeria matxisten aurrean ahalduntze eta konpromiso jarrerak sustatzea du helburu.

Parte hartzera animatzen diren gazteek "Beldur Barik jarrera" erakutsi beharko dute gehienez ere hiru minutu iraun dezaketen ikus-entzunezkoetan: indarkeria matxisten aurkako jarrera
kritiko, positibo eta aktiboa. Horrekin batera harreman aske, errespetuzko, anitz eta berdintasunezkoak islatu beharko dituzte.

Lehiaketa horretako sari orokorrez aparte, Lasarte-Orian hiru premio emango dituzte, bakoitza 200 eurokoa, parte hartzaileen adin tartearen arabera: 12 eta 14 urte artekoentzat bat, 15 eta 17 urte artekoentzat beste bat eta 18 eta 20 urte bitartekoentzat hirugarrena.

Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek Lasarte-Oriako Emakumeen Zentrora (Aralar 5), deitu dezakete, 943-36 39 58 telefono zenbakira, edo bestela, emakumezentroa@lasarte-oria.eus helbide elektronikora idatzi.