Zaldibar 800 gazte feministen elkargune bilakatu dutela nabarmendu dute, eta gaineratu, horiek guztiak "elkar ezagutzeko, saretzeko, hausnarketak partekatzeko eta ideiak elkarbanatzeko" eremu ere izan dela ekimena; "borroka eta gozamena uztartzeko espazioa" ere izan da herriko gazte feministen esanetan. Hala, azpimarratu dute "iraultza feminista elkarlanarekin hasten dela" erakutsi duela egitasmoak.
"Gune ez mistoa eta segurua"
Baterajotzeak "emakume eta gorputz disidenteen aldarrirako lekua" izan dela aldarrikatu dute, eta esan, hitzorduak erakutsi diela gizonik gabeko espazioak direla eurentzako "territorio libre bakarrak". "Konspirazio, borroka eta iraultza feministan jarraitzeko topagune" gisa ere definitu dute jarduera, baita "zapalkuntza hirukoitzari, hau da, kapitalismoa, zisheteropatriarkatua eta
kolonialismoari aurre egiteko toki" gisa ere. Hortaz guztiaz gain, ohartarazi dute "Palestinar herriaren erresistentziaren bozgorailu" ere izan dela, eta noski, "zapalkuntza orori autodefentsa feministaz erantzuteko borroka eremu" ere bai. Zaldibar "Euskal Herriko lubaki feminista" bihurtu dute.
Bilera irekia
"Indarrak hartuta eta iraultzarako grinarekin" itzuli dira herrira gazte feministak, eta hori hala izanik, Lasarte-Oriako feminista orori dei egin diete Azaroaren 25aren harira egingo duten lehendabiziko bilera irekira joan daitezen. Hilaren 10ean izango da hitzordu hori, 17:30ean, Xirimiri elkartean.

