Herriko pilotariek, ezin txapelarik jantzi

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 5a

Luzean eta Zubieta 2ko kideak saribanaketaren ostean. Endika Gartzia beheko lerroan ezkerretik hasita hirugarrena da. Arg.: Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa.

Erreboteko Enrique Abril zein Ezker Hormako Gipuzkoako txapelketako larruzko paleta finalak jokatu ziren hilaren 2an. Bietan herritarrak izan ziren lehian; errebotean Endika Gartzia (Zubieta 2) eta larruzko paletako Nagusien 1. mailan, Julen San Miguel (Errepala 3). Neurketa borrokatuak jokatu arren, ezin izan zituzten aurkariak gainditu eta txapeldunordearen garaikurra eskuratu dute

Zubietako errebote pilotalekuan, zaletuek eguraldiagatik astebete atzeratutako norgehiagokaz gozatu ahal izan zuten. Zubieta 2 eta Donibane Lohizuneko Luzean taldeek neurtu zituzten indarrak finalean. Zubietarrek ez zuten lan erraza izan, ederki borrokatu behar izan zuten tantoak lortzeko. Bi ordutik gora luzatu zen neurketa eta azkenean lapurtarrak izan ziren garaile, 9-13.

Ezker Hormako Gipuzkoako txapelketako Nagusien 1. mailako larruzko paleta finalean, aldiz, Julen San Miguel eta Beñat Ibarguren (Errepala 3, gorriz) euren talde kide Aitor Brosa eta Xabier Ibargarai (Errepala 2, urdinez) izan zituzten aurrez aurre. 

San Miguel herritarra eta Ibarguren aurretik joan ziren neurketa osoan zehar, hamar puntuko errenta izatera ere iritsi ziren (24-14), baina aurkariek ongi jokatuta eta gorrien hutsak baliatuz aldea txikitu zuten (24-23). San Miguel eta Ibargurenek berriro ere bi tantoko aldea irekiaz erantzun zuten eta horrela mantendu ziren aurkariek 31nako berdinketa eskuratu zuten arte. Gorriek ez zuten asmatu azken tantoetan eta urdinek eraman zuten txapela.

Julen San Miguel (goiko lerroan, hirugarrena eskuinetik hasita), gainerako finaletako parte hartzaileekin. Arg.: Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa.

Maila kolokan

Aipatu txapelketako eskuzko zein gomazko palako lehian daude Intza KEko kideak.

Nagusien 2. mailako bikoak jaitsiera zuen jokoan. Ezin izan zuen Ilunpe gainditu, 22-9. Intzako kideek oraindik beste aukera bat izango dute mailari eusteko, hemendik astebetera izango da hitzordua; oraindik ez dakite nortzuk izango diren euren aurkariak.

Kadete 3. mailako kideek ezin izan zuten Arrasate eutsi, 5-22 nagusitu zen.

Gomazko palako Nagusien 2. mailako kideek ere ezin izan ziten EPLE 3 irabazi (25-10).