Ostadar SKT eta ZAST Kuraye ZKE taldeek neurketa garrantzitsua jokatu zuten hilaren 1ean, Maialen Chourraut kiroldegian; 1. multzoko bigarren postua zuten jokoan. Taldeek ez zuten huts egin kantxan eta zirrara zein intentsitate handiko partidaz gozatu zuten saskibaloiaren zaletuek.
Lasarte-Oriako taldeak jokalari garrantzitsuak falta zituen, baina asteko entrenamenduek norgehiagokara sentsazio onekin iristea ekarri zuen Gonzalo Alvite entrenatzaileak azaldu duenez. Gainera, ZASTek ere jokalari nabarmen bat falta zuen lesioarengatik: "Laster osatzea espero dugu".
Lehenengo jauzitik, maila handiko jokoa erakutsi zuten bi taldeek; erritmoa altu eta defentsa lan ona egin zuten. ZASTek gehiago asmatu zuen eta errebotean nagusi izan zen. Ostadar ez zen burumakur geratuko eta 9-8 amaitu zen lehen laurdena. Hurrengo hamar minutuetan, bi taldeek txandaka saskiratzeak egitea lortu zuten, baina aurkariak kontraerasoan etxekoen joko posizionala gainditu zuen eta 20-22 iritsi ziren atsedenaldira.
Hirugarren laurdena ere Zarautzeko taldearen aldekoa izan zen. Joko arinari eta bi hiruko saskiratze jarraian egiteari esker, aldea ireki zuen, 33-39. Urdin-beltzezk ez zuten amore emango, ordea; defentsa intentsoarekin, lehen lerroko baloiak eskuratu eta markagailuari itzulia eman zioten partida amaitzeko minutu baten faltan. ZASTek bi pertsonal jaurtiketetan huts egin eta lehen luzapena jokatu zen, 52-52.
Ostadarrek erritmoa mantendu zuen, baina ZASTek nahiz eta lesio edo faltengatik jokalariak falta, ongi eutsi zion etxeko taldeari. Bi taldeak pareko izan ziren eta pertsonaleko marratik egindako hutsei esker, berriro ere berdinketarekin amaitu zen zatia, 63-63.
Neurketako intentsitatearengatik bi taldeak fisikoki euren mugara iritsi ziren bigarren luzapenera. Baina urdin-beltzek azken indarrak atera eta saskiaren aurrean ez zuten hutsik egin. Euren ahaleginek saria izan zuten, 73-66 amaitu zuten lehia.
Euskal Ligaren zain
Gonzalo Alvise entrenatzaileak azaldu digunez, emaitzari esker, euren multzoko bigarren postua bermatu du Ostadar SKTko Junior Errendimendu taldeak. Baina bi jardunaldi falta dituzte oraindik jokatzeko, horietan Eskoriatza eta Hondarribia izango ditu aurkari talde urdin-beltzak: "Eskoriatzaren aurkako neurketa aste honetakoa baino errazagoa izango da; Hondarribiaren aurkakoa, aldiz, gorabeheratsua izan daiteke".
Beraz, hitzorduak gainditzeko arazorik ez izatea espero dute, izan ere, bigarren postuak Euskal Ligarako igoera fasea jokatzea ziurtatzen dio Alviseren taldeari: "Printzipioz deskalabru bat egon ezean, bigarren postuan egongo gara. Gogoekin gaude igoera fasea hasteko".