Ibilgailu klasikoz beteko dute Andatza plaza

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 3a

Hiru hamarkada baino gehiago dituzten autoen eta motorren jabeak elkartu egin dira, Clasicox elkartea eratu dute eta udalarekin lankidetzan antolatu dute aurreneko ekimena: topaketa egingo dute hilaren 16an, igandearekin, Andatza plazan. Mota bateko zein besteko ehun ibilgailu klasiko inguru biltzea espero dute eta 10:00etan ekingo diote arratsaldera arte luzatuko den egitarauari. Herritarrak animatu dituzte bertaratzera, batez ere haur txikiak dituztenak, ezaugarri horietako autoak eta motorrak nolakoak diren ezagutzeko.

Udaleko Jaiak departamentuko zinegotzi Txus Alonsok balioan jarri du erakundearen eta elkarte sortu berri honen arteko lankidetza: "Gure herriko sare aberatsaren adibidea da; nabarmentzekoa da zenbait bizilagunek herria dinamizatzeko ekimenak antolatzera bideratzea beraien denbora librea". 2.000 bat euro bideratuko dituzte jarduera hori diruz babestera, besteak beste, arrazoi hauengatik: "Topaketa egitea bideragarria dela ikusi dugu eta aukera polita iruditzen zaigu ibilgailu klasikoak herrian ezagutarazteko". Gaurkoa bezalako egun eguzkitsua eskatu dute antolatzaileek hilaren 16rako, baina, euria egiten badu ere aurrera jarraituko dutela iragarri dute: "Eguraldi txarra egiten badu, ba busti egingo gara!". 

Erakusketa eta jokoak

Ibilgailu klasikoen aldeko eragile horretako kide Oliverrek hartu du hitza, hilaren 16ko topaketa zertan izango den esplikatzeko. 10:00etatik 11:00etara artean iritsiko dira ibilgailuak Andatza plazara eta bertan egongo dira ikusgai 13:30ak arte. Jakinarazi dutenez, zenbait sari emango dituzte, aurkeztutako ibilgailuen ezaugarriak baloratzeko. Bitartean, zuzeneko musika emanaldia (DJ Nico-ren eskutik) egingo dute eta gaztetxoentzat Scalextric markako jostailuzko autoekin lasterketak egiteko bi zirkuitu prestatuko dituzte, 4 eta 8 urte artekoentzat bat eta helduagoentzat bestea. 

Bazkaldu aurretik, bakoitzak bere autoa edo motorra hartu eta Lasarteko Zirkuitua zenaren ibilbidea egingo dute, "udalerriaren sinboloetako bat eta historiaren parte" dena. Horren ostean, parte hartzaileek Hernaniko Jauregi jatetxean bazkalduko dute.

Antolatzaileek espero dute ehun bat ibilgailuko topaketa egitea, 50na auto eta motorren jabeak bilduko dituena. Hori, edonola ere, egunean bertan jakingo dute. Izena emateko epea ireki dutela jakinarazi dute eta hilaren 12a izango dela tramite hori egiteko azken eguna. Formulario hau jarri dute interesa izan dezaketenen eskura. Ibilgailua inskribatzeak 10 euro balio ditu eta bazkarira joan nahi dutenek 30 euro gehiago ordaindu beharko dituzte.

Egitarau osoa

  • 10:00etatik 11:00etara, ibilgailuei eta gidariei harrera, Andatza plazan.
  • 10:00etatik 13:30era, ibilgailu klasikoen erakusketa, Andatza plazan. Haurrek aukera izango dute Scalextric-ean jokatzeko.
  • 11:30etik 13:30era, musikarekin girotuko du ekimena DJ Nikok.
  • 13:15ean, erakusketako sariak banatuko dituzte antolatzaileek.
  • 13:30ean, ibilgailu klasikoen ibilaldia, Lasarteko Zirkuitura iritsi arte.
  • 15:00etan, bazkaria, Hernaniko Jauregi jatetxean (hautazkoa).