Urriaren 18an, Sarek Bilboko Euskalduna Jauregian II. Konferentzia antolatu zuen. Testuinguru hartan, hainbat ideiek indarra hartu zuten. Alde batetik, agerian geratu zen herri honetan badagoela "zer esan eta zer hausnartu" gatazkak utzitako ondorioen konponbideari dagokionean. Horren harira, gaineratu dute ez dela salbuespen egoera gehiago atzeratu; sufrimenduak atzeratu, hain zuzen. Finean, gure herriarentzat "bakea, elkarbizitza eta konponbidea" eskatu dute.
Beharrak behar, plazaratu dute, ETAk bere jarduera amaitutzat kasik orain dela 15 urte eman arren, oraindik ondorio batzuk "korapilatuta" jarraitzen dutela. Euskal Herrian ez bezala, gatazkak eman diren nazioarteko beste hainbat herrialdetan, "sufrimendua eragin zuten ondorioak konponbidean jarri ziren". Gure herrian hori eman ez zenez, hemengo prozesua "bestelakoa" izaten ari omen da. Horregatik, behin behineko konponbidea emateko, borondate politikoa behar dela aitortu dute. Azken batean, "oinarri politikoak dituen gatazkak konponbide eta borondate politikoak behar ditu".
Presoen, iheslarien eta deportatuen auzia konpontzeko, Lasarte-Oriako Sareren arabera, nahikoa da "salbuespen lege eta politikak alde batera uztea". Alabaina, gogoratu dute 125 euskal presoetatik 66 euren zigorra "erregimen irekian" betetzen ari direla, hots, egunerokotasunean kalea zapaltzen dutela. Era berean, erregimen itxian betetzen ari direnen kopuruak "txikiagoa" behar lukeela adierazi dute. Izan ere, bestelako "arrazoirengandik espetxeratutakoei aplikatutako legea eta espetxe politikak" kontuan hartuz gero, euskal presoek bestelako tratamendu bera jasoko lukete. Auzi honen harira, Jakes Esnal gogoratu dute. Esnal duela egun batzuk hil zen euskal presoa da. Erbesteratuei ere tarte bat eskaini diete. Horretan ari zirelarik, urriaren hasieran 15 iheslari zirenak egun, 14 direla jakinarazi dute gaixotasun baten ondorioz Venezuelan hil baita 46 urtez urrun zegoen Martin San Sebastian. Bi iheslarien eta presoen familiei eta lagunei euren "babesa" eta "doluminak" eskaini dizkiete.
Herrian elkarbizitza ez delako "ahanzturaren emaitza izango, aurrera egiteko borondate partekatuarena baizik", zubiak eraikitzen jarraituko du Sarek; korapiloak askatzen, eta batez ere, besteei aitortza ematen. Zeregin horretan herritar orok duelako tokia, urtarrilaren 10ean Bilbora gerturatzeko gonbita zabaldu dute, Ezin da gehiago luzatu leloko hitzorduarekin bat egin dezan herriak.