Lehenik eta behin, Israelgo estatuaren jarrera genozidaren eta kolonialistaren jarrera dela-eta, haren "desegitea" aldarrikatu dute. Azken batean, Netanyahu agintariak militar buruei emandako aginduari jarraiki, azken orduotan, "gutxienez 100 palestinar erail dituzte, tartean 46 haur". Hori ez ezik, jende ugari zauritu dute. Horrekin batera, ekintza hori ez bakantzeko asmoz, gaineratu dute gertakaria hamarkada luzeetako "kolonizazioari, apartheidari eta genozidioari" gehitu behar dela. Izan ere, gogoratu behar da "70.000 palestinar" hil dituela Israelgo ejerzitu militarrak, azken bi urteetan.
Bonbardaketa horiek su-etena indarrean delarik gauzatu dituzte. Palestinar erresistentziari akordioa betetzeko agindu arren, "Israelek berean" jarraitu du. Ideia honen harira, "Trumpen eta Netanyahuren eskutik ez dela bakerik etorriko" aitortu dute. Finean, GKSko kideek uste dute Gaza azken hondarretaraino suntsitzen ari direla Mendebaldeko gobernuak euren "isiltasun konplizeaz". Euskal Herrian "estatu terroristarekin konplizitatez" jarduten duten enpresa eta instituzio asko omen daude. Horren aurrean, gaizkide horiek guztiak seinalatzen jarraituko dutela adierazi dute, "harreman oro eten ditzaten presio eginez".
Egoera honen aurrean, GKSko kideek plazaratu dute badakitela zer egin. Alde batetik, "Israelen desegitearen aldeko mezua kaleetan zabaltzen jarraitzea". Bestetik, "konplize guztiak seinalatzea eta palestinar erresistentziari gure babesa erakustea". Azken ideiaren ildotik, gogora ekarri nahi izan dute, palestinar herria ez dela desagertu, palestinarrek estatu sionistaren aurka egindako borrokagatik izan dela. Errealitate hori aintzat hartu eta balioan jarri dute.