Galderak hauek izan ziren: Zuk normalean bozkatzen al duzu? Eta, erantzuna baiezkoa bada, zergatik bozkatzen duzu hautatzen duzun alderdia? Bozka zuriaz ere hitz egin genuen.
Hauek izan ziren beraien erantzunak:
"Udal mailari dagokionez, alderdi horretako jendea ezagutzen dudalako eta gustatzen zaizkidalako. Jator dabiltza lanean".
"Beti bozkatzen dut norbait, baina oro har ez dut konfiantza handirik".
"Normalean deskarteak eginez bozkatzen dut: oso argi daukat nori ez diodan bozkatu nahi, eta geratzen direnen artean aukeratzen dut. Inork ez nau ehuneko ehunean konbentzitzen".
"Bizitza osoan alderdi berari eman diot bozka. Etxetik jaso dudala onartu behar dut, baina ezin dut besterik irudikatu. Alderdi horrek ordezkatzen nau!". (Azken hau esan ondoren, Feijook eta Sanchezek kongresuan dituzten gorabeheren berri eman zigun).
Azalpen guztiak eman eta gero, azken horren kasuan, botoa familiarengandik jasotako transmisio bat dela kontuan hartuta, hau pentsatu nuen: zein pozik eta harro egongo den ama bere semeak esandakoaz.
Zuekin bat datorren kasuren bat dago? Seguru baietz.
Nire lagunen artean badaude desgaitasun intelektuala duten pertsonak, ikasketak dituztenak eta baita desgaitasun intelektuala "izan arren", ikasketak dituztenak. Eta orain, nahi baduzue, jar diezazkiekezue etiketak bakoitzari. Nik, pertsonalki, ez dut gustuko pertsonei etiketak jartzea, eta are gutxiago erreakzioak eragiteko edo, larriagoa dena, haien eskubideak zalantzan jartzeko.
Espero dut elkarrekin egondako tarte horretan goxo sentitu izana. Seguru nago! Ezagutzen ditut, eta ederki dakit —niri bezala— zerbait gustatzen ez zaienean, esaten jakiten dutela.
Amaitzeko, bi gauzatxo, bihotzez eta errespetuz. Agur bat ezer ulertu ez duzuenoi. BARKAMENA eskatzen dizuet bihotzez, agian ez zaretelako zuek, ezta zuen bizipenak ere, oraingo honetan ez dudala gaitasunik izan ondo azaltzeko baizik. Azken finean, denok izaten baitugu, bizitzan, momentu jakin batean desgaitasuna edo gaitasun falta. Eta beste agur bero bat, zuei, Jalguneko lagunak! Zorionez, nire emozioak egoki kudeatzen ikasteko prozesuan eragile zaituztedalako.
