Dokumentuak mugikortasunean, energia eraginkortasunean, Gizarte Zerbitzuetan eta oinarrizko azpiegituretan egindako inbertsio garrantzitsuak jasotzen ditu, eta erakundeak "udalerri irisgarriago, jasangarriago eta kohesionatuago baten alde" egindako apustua sendotzen du.
Garrantzi gehien duten jardueren artean, hiri mugikortasunarekin eta irisgarritasunarekin lotutakoak nabarmendu ditu udalak, horien artean, Zabaletako igogailua martxan jartzea (2,3 milioi euroko inbertsioa) eta Kale Nagusikoa (878.000 euro). Bi azpiegitura horiek "aurrerapen nabarmena" dakarte auzoen arteko loturan eta hiri irisgarritasunari dagokionez. Ekipamendu eta espazio publikoei dagokienez, udalak gailendu ditu Manuel Lekuona Kultur Etxearen birgaitze integrala (846.685,86 €), Atsobakar Ur Parkea egikaritzea, mantentzea eta eguneratzea (801.814,60 €), udal baratze ekologikoak egokitzea (80.000 €) eta haur parkeak mantentzea (64.599,94 €). Jarduketa horiek guztiek "udalerriko aisialdi eta ongizate eskaintza" indartzen dute, eta arreta jartzen dute adin guztietarako gune inklusiboetan eta irisgarrietan.
Era berean, udalak hobekuntzak egin ditu oinarrizko azpiegituretan, hala nola uraren banaketa sarea berritzean (348.316,91€), saneamendu sarea zaharberritzean (139.618,10€) eta asfaltatze lanetan eta argiteria publikoa kontserbatzean; argudiatu du "funtsezkoak" direla "hiri zerbitzuen funtzionamendu egokia eta herritarren segurtasuna bermatzeko".
Kudeaketa eraginkor eta jasangarriarekiko konpromisoa
Hala, udalak azpimarratu du aipatu proiektu horiek guztiek erakusten dutela erakundeak "konpromiso irmoa" duela inbertsio publikoarekin. Gaineratu du horien bitartez lortu nahi duela "gizartea hobetzea eta kohesionatzea". Orobat, azaldu du mugikortasuneko, jasangarritasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta azpiegituretako jardueren konbinazioak "emaitza nabarietara eta auzotarren beharrei zuzenean erantzutera" bideratutako kudeaketa ere islatzen duela: “Inbertsio hauek hiri modernoago, irisgarriago eta jasangarriago baterantz aurrerapen nabarmena suposatzen dute, non zerbitzu publikoen kalitatea eta pertsonen ongizatea udal ekintzaren erdigunean kokatzen diren”.