Ur zerbitzua berrezarri dutela jakinarazi du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 30a, 09:48

Zabaletako igogailu berria instalatzeko egiten ari diren lanen eremuan "istripu bat" gertatu zela adierazi du udalak eta ezbehar horrek Sasoetako depositutik jaisten den hodi nagusiaren hartunea kaltetu zuela. Horri erantzuteko hornidura orokorraren "larrialdiko mozketa" egin zuten, matxura hori sektorizatu eta "herritarrei ahalik eta kalte gutxien" eragiteko. "Gaueko hamaikak aldera" hasi ziren hornidura berreskuratzen, baina udalerriko auzo garaienetan arazoak izaten jarraitu zuten, uraren presio faltagatik.

Udaleko teknikariak, obraz arduratzen den I-Ingeniua enpresako eta Añarbeko langileekin batera, "modu koordinatuan" aritu ziren lanean, gorabehera "ahalik eta azkarren" konpontzeko. Jasotako informazioaren arabera, sareko presioa "bere onera etorri da" eta "ordubete inguruko epean" zerbitzuak "normaltasun osoz" funtzionatu beharko luke herri osoan.

Lasarte-Oriako Udalak Instagram sare sozialean argitaratutako oharrari erantzun zioten atzo zenbait herritarrek. Horietako zenbaitek abisua berandu eman izana egotzi zioten erakundeari. Bizilagunetako batek salatu zuenez, Arranbide auzoan 16:00etan geratu ziren urik gabe.