2023ko maiatzetik gaur egunera arte egindakoaren artean kirol ekipamenduetan egindako inbertsioak, Gizarte Zerbitzuen saila, irisgarritasuna, Atsobakarrekoa bezalako aterpe klimatikoak, berdintasuna eta udalerriko "gizarte sare aberatsarekin egindako lana" nabarmendu dituzte Valdiviak eta Fernandezek. Norabide horretan, herritarrentzat "benetan garrantzitsuak diren gaiak" onartzeko "egonkortasuna" eman duten zenbait txosten izan dituzte hizpide, hala nola udal aurrekontuak edota HAPO Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren ordenantzak.
Duela bi urteko udaberrian aurkeztutako programa horretan 192 neurri jaso zituzten 2023-2027 legealdirako. Udal hauteskundeetan Lasarte-Oriako alderdi bozkatuena izan ostean, EAJrekin akordioa egin zuten koalizioan gobernatzeko. "Horri esker, ia-ia berdin mantendu genuen programa, sozialiston historian ohikoa den bezala, lasarteoriatarrekiko konpromisoen karta bat dena". Ia berrehun ekinbide horietatik 106 (% 55) dagoeneko egin dituztela nabarmendu dute alderdi sozialistaren ordezkariek eta beste 30 (% 16) martxan dituztela dagoeneko. 54 (% 28) abiatzeke dituzte eta, azkenik, bi "betearazi ezinak" direla jakinarazi dute: batetik, udalerriko elkarteekin lau urterako hitzarmenak sinatzea, udaletxeko Kontuhartzailetza sailetik urtez urtekoak izan behar dutela jakinarazi dietelako; eta, bestetik, Garagune zerbitzuaren zentroetako bat Lasarte-Orian eraikitzea. Proiektu horren helburuak adimen ezgaitasuna duten pertsonen inklusioa eta bizi kalitatea hobetzea ditu helburu; otsailean inauguratu zuten Buruntzaldeko udalerrietan bizi diren bizilagunak artatuko dituen egoitza, Hernanin.
"Ilusioa eta gogoa"
Orain arte egin dutena balioan jarri badute ere, "lasarteoriatarren alde" lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute Valdiviak eta Fernandezek: "Sozialistoi ez zaizkigu ilusioa eta gogoa falta gure herritarren eskutik aurrera egiteko, gero eta udalerri hobea izan dezagun". Hori esanda, azken udal hauteskundeetan sozialistengan "erakutsitako konfiantza" eskertu diete euren alde bozkatu zuten hautesleei.
Agerraldian aletu dituzten neurriak eta gainerako guztiak aldizkari batean jaso dituzte. Jakinarazi dute hasi direla dagoeneko etxez etxe banatzen eta datozen egunetan herritar guztiek ale bana izango dutela euren eskuetan. "Agintaldiaren bigarren zatiari ekingo diogu, programan jasotako gainerako neurriak betetzeko helburuarekin. Guztion artean bizitzeko leku hobea egin dezakegu Lasarte-Oria".