Prozesuaren lehen fasean 148 proposamen jaso dituztela jakinarazi dute udal ordezkariek; horietatik 86 sarean aurkeztu dituzte, eta, gainerako 62ak, berriz, postontzietan utzitako txartelen bidez. Iritzi horiek guztiak egiaztatu ondoren, 28 gai identifikatu dira.
Horiek guztiak Inauterietako konpartsekin partekatu eta aztertu dituzte, eta, iradokizun guztien artean, bost gai finalista aukeratu dituzte; horiek dira, hain zuzen, prozesuaren bigarren fasera pasako direnak. Gauzak horrela, fase berri horretan, herritarrek erabakiko dute zein izango den 2026ko Inauterietako gai nagusia. Hauek dira aukerak: Munduko Inauteriak; zirkua; 80. hamarkada; piratak; eta, 90. hamarkadako telesailak.
Herritarren Partaidetzako zinegotzi Nagore Duranek azpimarratu duenez, “Lasarte-Oriako Inauteria oso jai parte hartzailea da, eta prozesu honen bidez, herritarrak lehen unetik parte aktibo sentitzea nahi dugu, hurrengo jaietako giroa eta dekorazioa markatuko dituen gaia aukeratuz”.
Jaietako zinegotzi Txus Alonsok, berriz, honako adierazpenok egin ditu: "Konpartsen inplikazioa eta prozesu hau garatzen ari den ilusioa” azpimarratu ditu, “Lasarte-Oriaren parte hartze eta jai espiritua beste behin ere erakusten duena”.
Lasarteoriatarrek, beraz, gaurtik, hilak 28, azaroaren 11ra (bi egunak barne) eman ahal izango dute euren iritzia. Hala nahiago duenak, sarean eman ahal izango du bere iritzia; horretarako, udal webgunean eskuragarri dagoen formularioa bete beharko du. Bestalde, txartela ere erabili ahal izango du herritarrak. Horiek herriko zenbait lekutan dauden parte hartzeko postontzietan hartu, eta bertan utzi beharko ditu; ondoko espazioetan daude postontzi horiek: udaletxea; Gaztelekua; Maialen Chourraut Udal kiroldegia; Manuel Lekuona Kultur Etxea; eta, Sexuen Elkarbizitzarako Emakumeen Etxea. Bide bat edo bestea aukeratu, parte hartzaileak bere NANaren zenbakia eman beharko duela ohartarazi dute Alonsok eta Duranek.
Parte hartzeko epea amaituta, eta udal ordezkariek botoak zenbatu ondoren, emaitza konpartsekin partekatuko dute, bilera batean. Horretan, prozesua baliozkotuko, eta 2026ko inauterietako gai irabazlearen berri emango dute.
Herritarrak prozesuan parte hartzera deitu dituzte.