Frankismoak Lasarte-Orian eragindako biktimen oroimeneko ekitaldia antolatu zuten, igandean, Islada Ezkutuak taldeak. Josu Agustin Muguruza elkarteko kideak hartu zuen hitza, baita Agustin Valdivia alkateak ere. Elkartearekin harreman estua duen Joseba Tapia musikariak bi kanta abestu eta jo zituen trikitixarekin; Joxe Zapirainen Lehen hamar lagun ginen etxean eta Joxe Lopetegiren Gezurtientzat. Ekintza Erketz taldeko dantzariek biribildu zuten, biktimen oroimenez egindako monolito aurrean Agurra dantzatu baitzuten. Horrekin batera, lore eskaintza egin zuten. Amaitzeko, hamaiketakoa egin zuten bertaratutakoen artean.
Mugurazak ekitaldia ohartzeko alditzat baliatu zuen. Izan ere, hitza hartzerakoan, "eskuinak eta eskuin-muturrak abiatutako gerra kulturala" aipatu zituen. "Gerra" hori mahai gainean jartzea garrantzitsutzat jo zuen, "Memoria Historiaren" aurka zuzentzen dutelako, orotara, oroimenaren alde diharduten pertsonek eta taldeek "orain arte ezkutuan egon den egia" azaleratzen ari direlako.
Orobat, pixkanaka-pixkanaka argi geratzen ari dela Gerra Zibila zer izan zen, hots, "gure kultura, hizkuntza, folklore eta ohituren defendatzaile zirenen aurkako garbiketa kanpaina". Horren harira, penaz eta haserrez esan zuen Muguruzak oraindik ez direla ezagutzen eraildakoen eta desagertutakoen kopuru zehatza, ezta erbesteratu zirenen pertsonen zifrak ere.
Frankistek sortutako sarraskiaz gain, zabaldutako "ahanztura eta isiltasun geruza" salatu zuten, Islada Ezkutuak taldeko kideek. Horren aurrean, igandean antolatutako ekitaldiak aldarrikatu zituzten, "gogoratzeko", hori ez ezik, "bost harmada baino gehiagotan jasandako eta jasanarazitako ahanztura berriro ere ez gertatzeko".
Ekitaldiarekin amaitzean, hurrengo urteko zitara gerturatzeko gonbidapena luzatu zuten.