Urtaroa gogotik ospatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 26a, 18:00

Lasarte-Oriako Merkataritza, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak zozketa bat egingo du hilaren 20tik azaroaren 1era kontsumitzen duten bezeroen artean, eta saltzaileek 1.500 euroko bonuak banatuko dituzte. 

Bi eguneko festa izan da. Hamaika jarduera, eta saltoki ugari. Udaberrian egiten duenaren antzera, Lasarte-Oriako Merkataritza, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak Udazkeneko festa eraman du aurrera, ostiral eta larunbat honetan. Tokiko merkataritza dinamizatzeaz gain, kale giroa sortzea eta bezeroak saritzea izan dituzte helburu. 

Ostiralean, Lilura liburudendak orri-markatzaileak apaintzeko tailerra antolatu zuen. Orri bana, gometsak eta kolorez betetzeko errotalagailuak izan zituzten eskura saltoki hartara gerturatutako umeek. Motibo floralak eta abstraktoak gailendu ziren. Alabaina, protagonista nagusia etxeko txikien poztasuna izan zen. 

Larunbatean, festaren ekintzen gehiengoa jazo zen. Eguerdian, Amali jolasdendan, udazkenaren inguruko tailerra egin zuten. Triku bat marrazteko, urtaroko material bereizgarriak erabili zituzten, hots, askotariko testurak; hosto lehorrak, ezkurrak, gaztainak, besteak beste. Bukatzeko, eskuak kolorez beteta, zuhaitz baten hostoak egin zituzten. 

Bestalde, Arkupe tabernan, urdaiazpiko moztailea gutiziak mozten aritu zen, eguerdira arte. Herritar mordoa hurbildu zen jaki goxo hauez disfrutatzeko asmoz. Era berean, bazkalordu aurretik, Patricia Martinek eta bere neskek dantza emanaldia eskaini zieten, Arkupe aurrean. 

Iluntzea Arka taldeak eta DJak girotu zuten, Arkupe eta Buenetxea tabernetan, hurrenez hurren. 

Erlazionatuak