'Mosáico de imágenes' poesia bilduma aurkeztu du Ludi Cuesta herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 25a, 20:15

Ludi Cuestak poesia landu izan du, aurretiaz. 2016ean, 'Solo una vez' olerkiz ondutako liburua argitaratu zuen. 

Manuel Lekuona Kultur Etxeko hitzaldi aretoa txiki geratu zen, Ludi Cuestaren aurkezpenerako. Eraikina obretan delarik, gela bitan banatuta zegoen. Hasiera batean, aulki kopuru zehatza zegoen eskura. Alabaina, hainbeste jende gerturatuta, eserleku gehiago ipini ziren, 'Mosáico de imágenes' liburuaren ingurukoak entzuteko. Cuestaren senideek eta lagunek bete zuten aretoa. 

Eskerrak emanez hasi zuen idazleak aurkezpena. Liburutegien Nazioarteko Eguna zela aprobetxatuta, Udal Liburutegiko arduradun Irene Urruzolari eskerrak eman zizkion ospakizuna antolatu izanagatik. Javier Aguilar, kritiko eta liburuko kolaboratzaile eta aurkezpeneko kideari ere hainbat hitz goxo eskaini zizkion. Familia eta lagunak gogoan izan zituen.

Ekitaldiarekin gogoz hasi zen, idazle herritarra egun "oso berezia" zela jakinarazi baitzuen. Alde batetik, kontentu agertu zen bere bigarren liburuaren argiltapenarekin. Bestetik, aurkezpena liburutegi "kuttunean" egiteak asko alaitu zuen, eraikin hartan, literarekin batera momentu asko bizitakoa baita Cuesta. Liburua hizpide, poesiaz aritu zen, eta genero literario hori ulertzeko era propioaz ere.

Bere ustez, poemak idazteak "miatze" lanarekin du antza, haren ustez "bigarren mailako ibai baten antzera, orainaldia ernaltzen du, eta egunerokotasuneko uneekin emozionatzen gaitu". Musa "bat-batean" agertzen dela aitortu, eta idazteko "beharrari" buruz ere mintzatu zen, "prozesu kreatiboa paperean gorde eta horrekin disfrutatzeko" premiaz, hain zuzen. Orobat, poesia "bertsoen bidez gauzatutako emozio iheskorren oihartzuna" dela gaineratu zuen. 

Aurkezpena biribiltzeko, Alain eta Amets, Cuestaren bilobek, abestu eta zeharkako txirula jo zuten, hurrenez hurren. Gainera, Cuestak eta Aguilarrek hainbat olerki errezitatu zituzten. Bukatzean, bertaratutakoek jateko gutiziez gozatu zuten, eta liburuaren ale bana eraman zuten.