Lego Robotika tailerra eta Liburu Baby Kluba jarduerak aurrera eraman dituzte, larunbat goizean. Saioak urritik abendurako programaziokoak dira. Egitarau horrek helburu du herritarren ororentzako ariketak prestatzea, liburutegia lasarteoriatar guztiei irekita izan dadin.
Tailerra sei urtetik gorako umeei zuzendu da. Bi txanda izan ditu. Lehena 10:00etatik 11:00etara egin da, bigarrena, aldiz, 11:15etatik 12:15etara. 40 umek parte hartu dute, orotara. Pentsamendu logikoa, sormena eta elkarlana garatzeko asmoz, Lego Spikez, hots, jolasa eta programazio digitala elkarlotzen dituen mahai jolasaz eta programazioaz baliatu dira.
Legoz beteriko kaxa eta planoak ikusteko tablet bana eskura izan dutelarik, parte hartzaileak binaka jarri dira. Kasu batzuetan, hirunaka, ere. Arauak honako hauek izan dira: batek eraikitzea, besteak beharrezko piezak pasatzea eta sei pausu bakoitzeko, rolak aldatzea.
Bestalde, Liburu Baby Klubeko saioa eraman da aurrera. 0-3 urte bitarteko hamar bat ume gerturatu dira. Noski, euren gurasoak ere. Literatura enpatia garatzeko, eta irudimenarekin gozatzeko abagune delarik, Mestiza Elkarteak haurrak liburuetara gerturatzeko saioa antolatu du, hiru hizkuntzetan; euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Liburuak irakurri dituzte batera, dantzatu eta kantatu ere gogotik egin dute. Azken horretan, trikitixaren doinuak izan dituzte bidelagun.