Hamaikakora itzuli da Jon Martin eta nabaritu du Realak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 25a, 09:22

Buruz oso indartsu aritu zen Jon Martin lasarteoriatarra. Argazkia: Reala.

Arnasa hartu dute txuri-urdinek, Sevillari 2-1 irabazita Anoetan. Ez dute partida ikusgarriena egin baina sufritzen eta aldea defendatzen jakin dute. Horretan lan azpimarragarria egin du Jon Martin lasarteoriatarrak; txorkatileko lesioa atzean utzita, denboraldiko bigarren norgehiagoka jokatu du.

Hil ala biziko neurketa jokatu zuen Realak atzo gauean. 10. jardunaldia besterik ez da baina orain arte erdietsitako emaitza kaxkarrak tarteko, jaitsiera postuetan zegoen ekipoa eta ezbaian entrenatzailea, Sergio Francisco. Aurreneko taldean daramatzan hamar urteetan behin eta berriro erakutsi duen moduan, Mikel Oyarzabal kapitainak hartu zuen ardura eta bi gol sartu zituen, bolada nahiko onean zegoen Sevillari 2-1 irabazteko. 

Indarra eta konfiantza hartu ditu baita ere Jon Martin lasarteoriatarrak. Txorkatileko lesioa atzean utzita (zenbait astez egon da min hartuta eta, besteak beste, ezin izan du 20 urtez azpiko Munduko Txapelketa jokatu), hasierako hamaikakora itzuli zen atzo eta neurketa bikaina jokatu zuen: zelaiko nahiz aireko duelu gehienak irabazi zituen, taldekideei laguntzak erne eta bizkor eman zizkien, baloia txukun eta garbi jokatu zuen atzeko lerrotik... Ikusteke dago datozen jardunaldietan zer erabakiko duen entrenatzaileak baina ordezkoen aulkira ez itzultzeko motibo dezente eman zizkion atzo. 

Atzoko berebiziko garaipen horri esker bederatzi puntu dituzte donostiarrek eta gainerako taldeen emaitzen faltan, 14. postuan dago oraintxe. Datorren asteko larunbatean derbia jokatuko du Athletic-en aurka (Anoetan, 18:30etik aurrera) eta erronka horri egiteko indarra hartu dute.

Realaren hamaikakoa: Remiro; Aramburu, Jon Martin, Zubeldia, Sergio Gomez; Gorrotxategi, Herrera, Brais; Guedes, Oyarzabal eta Barrenetxea. Ordezko bost jokalari ere aritu ziren: Soler, Aihen, Turrientes, Zakharyan eta Marin.

Txuri-urdinen hasierako hamaikakoa. Jon Martin goian dago, erdian, Brais eta Herreraren artean. Argazkia: Reala.