Azken urteetan legez, Lasarte-Oriako Udalak tokiko kirolaren ahalegina, dedikazioa eta balioak onartu nahi ditu Kirol Galan urteko kirolariak zein kirol ibilbidea aitortuz.
Horretarako udalak 2025eko ediziorako sarituak erabakitzeko prozesua martxan jarri du eta azaroaren 9ra arte proposamenak bidali ahal izango dituzte kirol erakundeek nahiz Lasarte-Oriako edozein herritarrek. Hiru kategoria ezberdin izango dira: urteko emakumezko kirolaria, urteko kirolari gizonezkoa eta kirol ibilbidea. Udalak gogorarazi du, hautagaiek 18 urtetik gorakoak izan beharko dutela.
Hautagaitzak bi modutan aurkeztu ahal dira. Lehena, udalaren web atariaren bidez www.lasarte-oria.eus eta bigarrena, etxe guztietan banatu diren txartelen bidez; azken horiek ondoren zehaztutako udal eremuetan gaitutako postontzietan utzi ahal izango dira: Maialen Chourraut kiroldegian, Manuel Lekuona Kultur Etxean, Udaletxean, Emakumearen Zentroan eta Gaztelekuan.
Prozesua eta gala
Proposamenak jaso ondoren, Kirol Sailak hautagaitzak baliozkotuko ditu. Udalerriko kirol klubei eta udal ordezkariei bidaliko die zerrenda eta horiek azaroaren 21era arte izango dute euren puntuaziok emateko.
Abenduaren 2ko Udal Kirol Batzordean jakinaraziko dira irabazleen izenak, eta egun horretan bertan argitaratuko dira ofizialki.
Eta hamar egunetara, abenduaren 12an, ostiralarekin, Lasarte-Oriako Kirolaren 2025 Galan emango zaizkie sariak zorteko izan diren kirolariei. Manuel Lekuona Kultur Etxean egingo da ekitaldia 18:00etan.
Goizalde Pildain Kirol zinegotziak azpimarratu zuenez, “Kirolaren Gala oso une berezia da herriko kirola handi egiten dutenen lana, ahalegina eta grina publikoki aitortzeko".
Horrez gain, datozen egunetan aurreko edizioetan aintzatetsitako kirolarien irudi duten banderolak jarriko dituzte herriko hainbat kaletan.
Udal ordezkariek herritarrak gonbidatzen dituzte prozesuan parte hartu eta Kirol Galara hurbiltzera.