Urrutira begiratzen zekien "maratoilari nekaezina"

Pirritx, Porrotx eta Marimotots 2025ko urr. 24a, 11:11

Ezker-eskuin: Porrotx, Txanpi Baztarrika, Fede Otaegi eta Marimotots, 2005eko Korrikako lekukoa eramaten Zabaleta auzoan barrena.

Herritar askok eta askok bezala, joan berri zaigun Fede Otaegi Fino lagun eta laguntzaile izan dute urte askotan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek. Bihotzetik idatzitako mezu hau bidali dute TXINTXARRI-ren erredakziora, lasarteoriatarrekin partekatzeko.

"Kaixo Junkal, Amane eta Oihana maiteak!

Fede hil zaizue eta hil zaigu eta negar malkotan gaude orain, baina pozik eta harro haren lagun, auzokide eta amets bidelagun izateko aukera izan dugulako. Zalapartarik atera gabe ekarpen handia bezain ederra egin digu bizitzan gertu izan gaituen guztioi eta munduari. Zuekin batera familia maitagarria osatu, nonahi lagun giroa sustatu, auzo bizia eraiki, herri abegitsua landu… Federen bizipenak eta balioak partekatu ditugunok gure zorionaren zati handi bat zor diogu, bai horixe!
Eskuzabala, langilea, konprometitua, alaia, goxoa,… pausoka, astiro, ekinean urrutira begiratzen zekien maratoilari nekaezina zen Fede. Besarkada beroa eta muxurik goxoenak zuoi familiari eta lagun izan dugun guztioi. Haren lekukoa indartsu eutsita gure irri, kantu, auzolan eta abenturetan eramango dugu!

Sentitu, pentsatu, ekin…  beti elkarrekin!

🌳🌹🌳💜🌳🌹🌳

Maite zaituztegu!

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldea"