Bi urte dira Aitor Mansok Urrakiko igoera lehiatzen ez duena; iaz Espainiako txapelketako proba batekin kointziditu zuen eta herritarrak ezin izan zuen parte hartu. Horregatik, poz-pozik agertu da Azpeitiko lehian eskuratutako postuengatik: "Emaitza onak izan genituen. Lehenengo gure kategorian eta bigarren orokorrean, bai lehorretan, baita euripean ere".
Mansok aipatu modura, lehen bi saioak errepidea lehor zegoela egin eta horietan marka ontzea lortu zuen (03.11,316 eta 03.09,084). Azken saioan, aldiz, eguraldiak lasterketan eragin zuela jakitera eman du herriko gidariak: "Pena da eguraldiak ez zuela asko lagundu. Lehenengo entrenamendua zein saioa kronometratua lehorrean egin genituen; bigarrenean euria egiten hasi zen pixka bat eta zailtasunak eduki genituen gidatzeko garaian. Errepidea oso arriskutsua geratu zen".
Denboraldiaren irakurketa
Pozarren da herriko gidaria denboraldian zehar egindako lanarengatik ere. "Aurten ez dugu Espainiako mailako lehiarik egin, baina erritmoa mantentzeko gai garela erakutsi dugu. Euskadiko txapelketan ia lasterketa guztiak irabazi ditugu gure mailan. Kanpora joan garenean ere, Asturiasen eta Nafarroan ere, gure mailako garaikurra eskuratu dugu", adierazi du Mansok.
Emaitzetan izan dituen erregulartasun horrek Euskadiko txapelketa irabaztea ekarri du (ikus goiko koadroa). Oraindik denboraldi honetako garaikurra noiz jasoko nuen ez dakien arren,dagoeneko hurrengo urtean pentsatzen hasi dela onartu du: "Hurrengo urterako gogoz gaude, ea zer erabakitzen dugun. Ea Espainiako txapelketara joatea lortzen dugun. Ea pixkanaka-pixkanaka prestatzen joaten garen".