Nahiz eta iruindarrak hirugarren minutuan entsegua eginez markagailuan aurreratu; bost minutura etxeko taldeak zazpi puntu egin zituen entsegu eta gauzatzeari esker. Ostean, batak zein besteak entseguak egin zituzten txandaka eta azken minutuetan bi zigor kolperi esker neurketa irabazi zuen etxeko taldeak.
Ohorezko B mailako taldeak ere garaipena erdietsi zuen Gasteizen. Gaztedi izan zuen aurrez aurre Gipuzkoa Sortzeneko lehen taldeak. Lehen zatian beltzek aurreratzea lortu zuten; 3-10 iritsi ziren atsedenaldira. Baina etxekoek ez ziten buru makur geratu eta markagailuan gerturatzea lortu zuten. Azken txistua jotzean, 16-17ko zen markagailua. Jokin Beloki herritarra hamabostekoan izan zen.
Bestalde, Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldeko harrobiko ordezkariek bi aldeak bizi izan zituzten, Lekarozen (Nafarroa). 18 urtez azpiko taldeak Txingudi Baztan garaitu zuen 19-66; 16 urtez azpikoek, aldiz, 64-12 galdu.
Beste mailatan ere lehian
Bestelako talde eta mailetan dabiltzan, Beltzak RTko harrobiko kirolariak ere izan dira protagonista.
Eneko Sanchez herritarra Aviron Bayonnais 18 urtez azpiko Crabo taldean ari da lanean eta hilaren 18an, Dax-en aurka hamabostekoan izan herritarra. Bigarren zatian utzi zuen zelaia, baina Lapurdiko taldeak dagoeneko bideratua zuen partida; 45-5 irabazi zuten.
Bestalde, Alex Saletak Europako Superkopako neurketa berriari aurre egin dio Iberians Castilla y Leon taldearekin. Amsterdamera (Herbehereak) bidaiatu eta Delta taldearen aurka borrokatu ziren. Espainiako taldea hasieratik nagusi izan zen eta 17-50 gailendu zen. Saletak aulkian hasi zuen neurketa, baina bigarren zatian zelaira atera zen. Eta ez dute atsedenik izango, hilaren 24an, Romanians Wolves izango dute aurkari, Palentzian (Gaztela eta Leon).