I. mailako jokalariek CV Madre De Dios taldearen aurka gogor neurtu zituzten indarrak Maialen Chourraut kiroldegian.
Urdin-beltzei kosta egin zitzaien partidan sartzea eta lehen jokoa bizkaitarrentzat izan zen (19-25). Etxekoek ez zuten amore eman, ordea eta ongi borrokatu ostean, hurrengo bi setak eskuratu zituzten (28-26 eta 25-23). Aurkariek gutxigatik (23-25) bosgarren zatia jokatzera behartu zituzten etxekoak. Baina azken horretan ere Ostadar izan zen garaile (15-9).
Garaipenarekin pauso bat aurrera eman du I. mailako taldeak aurtengo helburua betetzeko, maila mantendu. Taldeko prestatzaile Asier Acuriolaren ustetan, "ongi ari gara jolasean, baina mailari dagokion jokoa aurkitzea kostatzen ari zaigu. Erraz eta tentsioarekin jokatu behar dugu eskarmentua duten taldeen aurka. Izan ere, tentsio handipean jokatzen jakitea izango da gakoa nire ustez". Eta beraz, hori lantzen jarraituko dute partidaz partida.
Harrobia lantzen
Bestetik, II. mailako taldeak 3-1 (23-25, 25-21, 16-25 eta 14-25) garaitu zuen Escolapios taldea Iruñean (Nafarroa). Indartsu hasi du denboraldia talde urdin-beltzeko ordezkariak; oraindik ez du neurketarik galdu eta bere multzoko bigarren postuan da.
Acuriolak jakitera eman duenez, bigarren talde honek jubenil mailako kirolariak ditu oinarri eta helburu nagusia, jokalari moduan hazi eta lehen mailako taldeko harrobi modura erabiltzea izango da.