Heriotzari jarritakoak kantatuko dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 21a, 19:00

'Heriotzaz, beldurretik maitasunera' bertso saioa iragarri dute Hil Argi, Borobilean, Heriotza Bizitzatik eta Zabaleta Auzolan elkarteek eta Earra Bertso Eskolak. Azaroaren 15ean izango da hitzordua, eguerdian

Zabaleta Auzolan elkartearen egoitza kanpoaldean, zuhaitz eta naturaz inguratuta aurkeztu du Heriotzaz, beldurretik maitasunera bertso saioa Hil Argi elkarteak. Hori da ekimenaren antolatzailea, baina Lasarte-Oriako zenbait eragileren laguntzarekin ari da hitzordua prestatzen: Borobilean elkartea, Heriotza Bizitzatik, Zabaleta Auzolan elkartea. Earra Bertso Eskola ere horien artean da, baina ordezkariak ezin izan du prentsaurrera agertu. 

Hil Argi elkarteko kide Ainhoa Aizpuruak hartu du hitza agerraldiari hasiera emateko; eskerrak eman dizkie egitasmoa antolatzeko laguntzaile diren aipatu eragile guztiei, eta berak ordezkatzen duen elkartearen gainean mintzatu da gero. Esan du heriotzaren ezagutza zabaltzeko helburua duen irabazi asmorik gabeko elkartea dela, eta heriotzaren tabua apurtzen lagundu eta hori hobe bizitzeko ekimenak aurrera eramaten dituztela. Antolatzen dute, adibidez, Bertso ipuin bat zuretzat ekimena; zaintza aringarriak behar dituzten haurrentzako bertso ipuinak eskaintzen ditu jarduera horrek. Hiltzeari buruzko irrati saioak ere egiten dituzte. 

Aitortu du elkarteak "aspaldidanik" zuela heriotza landuko zuen bertso saio bat antolatzeko nahia, eta hainbat arrazoigatik asmo hori gauzatu ezin izan duten arren, iritsi dela unea: "Aurten baliabideak eta bidelagunak aurkitu ditugu eta hemen gaude Heriotza, beldurretik maitasunera egitasmoa aurkezten. Horren gaineko azalpenak ere eman ditu: "Bertso saio horrek beldurretik maitasunera doan ibilbidea proposatuko du. Hainbat gai ekarriko dira oholtzara, eta sortzaile eta entzuleen artean heriotzaz gogoetatzeko aukera eder bat izatea nahi dugu". 

Eragile laguntzaileak

Borobilean elkarteko Pablo Barriok hartu du hitza ostean, eta aipatu elkarteak orain arte urratu duen bideaz mintzatu da. Kontatu du duela bi urte eman zituela lehen urratsak, eta ordutik, uda sasoian izan ezik, hilabetero aurrera eramaten dituela solasaldi, mahainguru edo gisa horretako jarduerak. Horien guztien artean, gainera, egin dute heriotza lantzekorik ere eta hortaz ere aritu da. Azpimarratu du, gainera. "oso saio arrakastatsua" izan zela, eta, nabarmendu du bide horretatik sortu zela Bizitza heriotzatik taldea. Hil Argi elkarteak bertso saioa antolatzeko laguntza eskatu izana "mahai gainean pastela jartzea" izan da Borobilean elkartearentzat: "Herriarentzat gaia interesgarria da, eta ekimen hau aurrera eramateko Lasarte-Oria aukeratu izana guretzat plazera da eta oso eskertuta gaude". 

Ixiar Arteagak eta Donetz Iradik hartu dute lekukoa gero. Heriotza Bizitzatik taldeko kide gisa solastatu dira, eta kontatu dute, besteak beste, elkartzea erabaki zutela beraien baitan gaiak "oihartzuna" zuelako eta gizarteari begira, tabutik ere bazuelako. Beraiek ere, talde gisa aurrera eramandako hitzorduak gogora ekarri dituzte. Death Cafea izan zen horietako bat eta antolatu zuten lehena, eta Aurretiazko Borondateen Dokumentua egitearen garrantziaz hausnartzeko hitzaldia izan zen bigarrena. Biak ala biak arrakastatsuak izan ziren eta hori hala izanik, jarraipena izango dutela iragarri dute: "Death Cafe geiago izango dira, eta tailerra ere ikusiko dugu nola, baina eutsiko diogu". Hitzartzea amaitu aurretik, esan dute ziur daudela taldea hazi egingo dela: "Gaiak oihartzuna du, denoi tokatuko zaigu hori bizitzea, eta horregatik uste dugu taldera lagun gehiago batuko direla. Herriarentzat oso positiboa izango da, izan ere, gizartean hutsune handiak daude eta probetxu handia ateratzen zaio gaiari, justu, hauskorren eta ahulenen gauden unean". 

Amaitzeko, "oso gustura" agertu dira Hil Argi elkarteak bertso saioa antolatzeko egindako gonbidapenarekin. 

Zabaleta Auzolan elkarteko Txanpi Baztarrika eta Junkal Perez izan dira azken hizlariak. Arteagak egin bezala, horiek ere eskertuta agertu dira Hil Argi elkartearekin. Kontatu dute auzo elkarteak urteak daramatzala askotariko ekimenak aurrera eramaten, eta zehazki, Udazken Festaz mintzatu da, aipatu bertso saioa aurtengo egitasmo horren barruan kokatu baitu auzo elkarteak, festa horren aurrekari izango da: "Iaz Antton Garin auzokidea omentzeko egindako saioa eta gero, erabaki genuen urtero antolatuko genuela bertso saioa. Aurten horren gainean hizketan ari ginela jaso genuen Hil Argiren proposamena, eta sekulako aukera iruditu zitzaigun". 

Data eta sarrerak

Baztarrikak berak eman ditu bertso saioaren eta arratsaldeko gainerako jardueren gaineko xehetasunak. Eguerdian izango da Heriotza, beldurretik maitasunera bertso saioa. Zabaleta Auzolan elkartean aurrera eramango dute, eta honako bertsolariak ariko dira kantuan: Ane Labaka, Alaia Martin eta Oihana Iguaran. Gaiak jartzen, berriz, Amaia Agirre ariko da, eta aurkezle lanetan, aldiz, Nere Erkiaga.

Bertaratzeko sarrerak erosi behar direla ere ohartarazi du; Zabaleta auzoko Arima tabernan eta Orbela ekodendan jarriko dituzte salgai, 5 euroren truke. Ohartarazi dute ehun sarrera jarriko dituztela salgai. 

Ostean, arratsaldean, goizeko saioari jarraipena emateko izango dira bestelako jarduera mordoa. Elkarte pareko belazean "falta direnak oroitzeko" zuhaitz bat landatuko dutela iragarri du Baztarrikak; horrez gain, umeekin tailer bat ere egingo dute zuhaitz ingurua atontzeko. Bertan izango dira Porrotx eta Marimotots ere, eta baita auzoko bertsolariak ere. Egunari amaiera emateko, elkartean bertan askari eder bat egingo dute. Horren gaineko informazio osoa, ordea, datozen asteotan emango du auzo elkarteak. 

Agurtu aurretik elkarlana balioan jarri eta gisa horretan aritzea "ederra" dela nabarmendu dute eragile guztietako ordezkariek. Hala, herritarrak bertaratzera gonbidatu dituzte.