Egileekin batera 'Maspalomas' pelikularen gainean aritu da solasean kultur etxeko publikoa

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 21a, 18:50

Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi 'Maspalomas' pelikularen zuzendariak dira. Argazkia: TXINTXARRI

Okendo Zinema Taldeak antolatuta, Maspalomas pelikula proiektatu zuten, ostiral arratsaldean. Filmaren ostean, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi egileekin tertulia eraman zen aurrera. 

Vicente 75 urteko gizona da. Maspalomasen bizi da, bere "tribuarekin", berak aukeratutako familiarekin. Homosexuala da, eta Kanariar irletan bizitzeak emandako aukerak aprobetxatzen ditu bere sexualitateaz libreki disfrutatzeko. Alabaina, ezusteko batek errealitate hori urratu, eta protagonista Donostiara bueltatu behar da. Aldaketa horrek gizonari hainbat kontu pertsonal agerian uzten dizkio, eta erronka horiei aurre eginez garatzen da pelikula. Desafioak pantailak at ere eman dira, eta horien berri eman zioten Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zuzendariek Manuel Lekuona Kultur Etxera bertaratutako publikoari. 

Gidoiaren aldetik, garrantzitsuena Nerearen eta Vicenteren arteko harremana erakustea izan omen da, hots, alabaren eta aitaren artekoa. Gidoilari Goenagak esandakoaren arabera, harreman horretan, iraganak "pisu oso handia " du. Dena den, ez zaizkio "zinematografikoak" iruditzen bakarrik pasatutakoari buruz hitz egiten duten pelikulak. Hortaz, filma idazterakoan, "isiltasunekin, inkomunikazioarekin eta begiradekin" jolastu du, baita ikusleei iragan hori nola ematearekin ere. 

Era berean, testuaren aldetik, sexu eszenen garrantzia azpimarratu zuen, baita adinekoen sexualitatea lantzea ere. Pelikularen lehen zatian, protagonistak plazerarekin gozatzen du. Cruising lokaletara joaten da, eta gizonezkoekin gozoa hartzen du. Publikoak eta hurkoek eszena horiek "ea garrantzitsuak ziren" behin baino gehiagotan galdetuta, Goenagak euren pisua aldarrikatu du. Azken batean, Donostiara bueltatzen deneko kontrastea "ageriagoa" izan zedin balio izan dutelako, batik bat. Gipuzkoara etortzean, Vicente ohartzen da "barne homofobia" duela, eta baduela bere baitan onartzen ez duen "zerbait". Beraz, "autoonarpen" bidaia hori erakusteko ezinbesteko elementu izan dira sekuentzia horiek. 

Bestalde, erronka funtzionaletatik tiraka, Arregik extren eta musikaren afera aipatu zuen. Izan ere, hark esandakoari jarraiki, Handia pelikula egin ostean, "Zein da produkzio honen erraldoia?" galdera egiten dute moriartitarrek. Itaun horrek egiantzekotasunetik du, hau da, proiektua sinesgarria izan dadin galdetzen diote euren buruei. Kasu honetan, Maspalomasen, extrak eta musika izan dira "jiganteak", Kanarietako hondartzak eta tabernak ezin baitziren "bost pertsonekin" soilik pantailaratu, eta giro oso "musikala" baitu hiriak, oro har. 

Funtzionaltasunarekin jarraituta, Goenagak dokumentatzearen lana ere aintzat hartu zuen. Filmaren zati handi bat zahar-etxean jazotzen da. Hortaz, bertako errealitatea ezagutzeko, gidoilariak Matia Fundazioko langileekin hitz egin zuen, preprodukzio fasean. Dokumentatze lan honek asko lagundu zion, era berean, protagonistaren eboluzioa haragitzeko. Hasiera batean, erresidentziako giroa era batekoa da. Gerora, hura aldatu egiten da, eta horren baitan, Vicenteri bere "proiektu bitalari" buruz galdetzen diote. Biolentatu egiten da ez baitu bere desioei buruz hitz egin da, "eroso" dago bere armairuan. Aldaketa horrekin sortutako "elkarrizketa" oso garrantzitsua izan omen da.

Filmak onduta "beti" ikasten duten arren, Arregik gogoeta planteatu zuen, proiektatutako pelikularen ildotik. Ikusle askok sexualitatea eta plazera lantzeko era "arrotza" izan dela onartzearekin, zuzendariak "gizon zuria oinarri, Hollywoodek egindako pelikulei esker hezitako" begirada kolokan jartzeko balio izan duela aitortu du, eta ikuslegoari alde hortatik begiratzera animatu du. 

Elkarrizketa zinefilo gehiago

Lasarteoriatarrak zineaz eta tertualiaz gozatzeko gogotsu geratu badira, bada agendan gordetzeko beste hitzordurik. Izan ere, azaroaren 7an, Karmele filma proiektatuko da, Manuel Lekuona Kultur Etxean. Pasearen ostean, filmaren zuzendari Asier Altuna audiotoriora gerturatu, eta solasean arituko da kultur etxeko publikoarekin.