LOKEko adin guztietako gimnastak lanean dira

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 17a, 12:30

2024-2025 ikasturte amaierako erakustaldiko dantzetako bat.

Lasarte-Oriako Kirol Elkarteko (LOKE) gimnastak mailaka hasi dira tapizean lanean. Lehenak tresnak hartzen eta txiribueltak egiten amateur mailako kideak izan ziren irailaren 8an eta azken multzoa, hasiberriena, hil honetan egin ditu lehen saioak

Gimnasta federatuak 2026 urteko txapelketa denboraldia prestatzeko gogor ari dira entrenatzen Maialen Chourraut kiroldegian zein Michelin kirol gunean adinaren arabera. Oraindik ez dute behin betiko egutegia, baina otsaila aldera lehiatzen hasiko direla aurreikusten dute gimnastek.

Arloko arduradunak pozarren daude talde guztiak, hasiberriena (2019 urtea) izan ezik, beteta daudelako. Eta jakinarazi dute, adin horretako izena ematea irekia dutela. Herritarren batek interesa balu bere haurrak gimnastika erritmikoan lehen urratsak emateko 676 87 20 29 zenbakira deitu edo WhatsApp mezua bidali dezake.