"Emakume sortzaileak erdigunean jarri nahi ditugu"

Maddi Zaldua 2025ko urr. 17a, 08:59

Ezkerretik hasita lehena da Karmele Salsamendi. Berarekin ageri dira Dinagu kolektiboko gainerako kideak, eta Lasarte-Oriako azokan parte hartuko duten herriko sortzaileak. Argazkia: Dinagu kolektiboa

KARMELE SALSAMENDI - Dinagu kolektiboko kidea

25 emakume sortzaile eta ekoizle batuko ditu Dinagu Kolektiboak, Okendo plazan, aurtengo Euskal Jaian. Askotariko artisau produktuak eskainiko dituzte horiek guztiek

Aurtengo Euskal Jaiaren barruan, emakume sortzaile eta ekoizleen azoka ederra aurrera eramango du Dinagu kolektiboak bihar, hilak 18, Okendo plazan, eta egitasmo horren gaineko xehetasunak eman dizkio TXINTXARRI aldizkariari Karmele Salsamendik (Lasarte-Oria, 1988). Koöl Studioko artisau eta arduraduna da, eta baita aipatu taldeko kidea ere. Kolektibo hori noiz eta nola sortu zen kontatu dio agerkariari, eta esan, azokako partaideek askotariko produktuen eskaintza egingo dietela bertaratzen diren erosleei. Azpimarratu du, gainera, taldearentzat emakume artisauak erdigunean jartzea ezinbestekoa dela. Eskertuta agertu da Lasarte-Oriako Udalarekin eta Ttakun Kultur Elkartearekin azoka antolatzeko eurak kontuan izan dituztelako.

Noiz eta nola sortu zen Dinagu kolektiboa?

2017. urtean sortu zuten Ilazki Lili Arrue, Agara Agirre, Edur Kortabarria eta Maialen Irastorza kreatzaileek. Horien asmoa zen Euskal Herriko sortzaileak batu eta kolektibo gisa postu bat jartzea, eta horrelaxe egin zuten. Lehenengoa, Donostian jarri zutela esango nuke, eta gero, Errenterian Pop-up [aldi baterako denda iragankorrak dira] espazio bat alokatu zuten, Gabonetarako. 

Hiru urte geroago, 2020an, pandemiaren kontuarekin, artisauok ezin genituen azoketan-eta gure produktuak saldu, eta egoera hori baliatuta, sare sozialetan deialdi bat egin nuen nik; galdegin nuen sortzaile gisa ea digitalki zerbait sor genezakeen jendeak gure lanak erosteko aukera izan zezan. Dinagu kolektiboko kideek idatzi zidaten, baita beste zenbait sortzailek ere, eta elkartzeko proposamena egin genion elkarri. Batu eta Instagram profil bat martxan jarri genuen [@dinagu.kolektiboa] Euskal Herriko emakume sortzaileon lanak ezagutarazteko xedearekin. Erakusleiho horrek, gerora, askotariko ekimenak egiteko balio izatea ere nahi genuen.

Urtebete geroago-edo, maizago elkartzen hasi ginen. Gutako askok sareetatik baino ez genuen elkar ezagutzen eta hasi ginen pentsatzen aurrerantzean zer egin nahi genuen, beharrak zeintzuk ziren aztertuta. Hor jabetu ginen azokak antolatzen zituzten eragileak normalean ez zirela sortzaileak, eta hori hala izanik, beste era bateko lanketak egiten zituztela ekimen horiek prestatzerako orduan. Guk nahi genuen azokak zaintzaileak izatea, euskara erdigunean jarriko zutenak eta sortze prozesua ogibide zuten emakumeenak izatea. Erabaki hori hartuta hasi ginen gure bidea egiten. 

Xedeetako bat, beraz, bada azoka zainduak egitea eta sortzaileak ere zaintzea. 

Helburua hori da bai: kreatzaileak zaintzea. Horiek gure azoketan parte hartzen dutenean ikusten dute beste mota batekoak direla guk antolatzen ditugunak. Bilatzen dugu, adibidez, postua jartzeko leku duinak izatea, espazio hori estalia izan badaiteke askoz hobe, eta ordutegia ere zaintzen ahalegintzen gara. Ez dugu nahi izaten egun osokoak izatea, non sortzaileak egun osoz hor egon beharko duen. Gureetan parte hartzen duten artisauek elkar ezagutzea ere bada gure deialdien beste xedeetako bat.

Une honetan zenbatek osatzen duzue kolektiboa?

Lehen aipatu dizkizudan sortzaileek beste zeregin batzuetara egin dute, eta, egun, sortzen jarraitzen duten arren, ez dira hortaz bizi; gauzak horrela, Leire Aiartzaguenak [Ehule], Maider Gaztelumendik [Luma], Uxue Bereziartuak [Berexi] eta nik neuk, Karmele Salsamendik [Koöl Studio] osatzen dugu egun kolektiboa. Gure jarduna gutariko bakoitzaren bizi erritmoak markatzen du, eta une honetan erlaxatuago gauden arren, ari gara. Normalean, urtaroka antolatu ohi ditugu azokak; Gabonetakoa, adibidez, indartsuenetariko izaten da. Saiatzen gara urtean lau, urtaro bakoitzeko bat egiten. 

 

"Kreatzaileek ikusten dute guk antolatzen ditugun azokak beste mota batekoak direla"

 

Zuen azoketan parte hartzen duten sortzaile guztiak, beraz, ez dira kolektiboko kide.

Ez. Aipatu dizkizudan laurok gara kolektiboko kideak, azokak antolatzen ditugunak eta guk egiten dugu deialdia artisauek horietan parte har dezaten.  

Zenbat sortzaile izango dira Lasarte-Oriako azokan?

25ek parte hartuko dugu. 11:00etatik 14:00etarako iraupena izango du egitasmoak, eta gomendatzen dut lehen orduan joatea stocka zabalagoa izango baita. 

Kasu honetan, Lasarte-Oriako Euskal Jaian sortzaileen azoka nahi zutela esan zigutenean, guk argi genuen eskaintzaren aldetik barietatea egotea nahi genuela. Horregatik, bermatuko dugu sortzaileez gain, ekoizleak ere egotea; aurrez antolatu ditugunetan ere deitu izan ditugu azken horiek, eta oso fusio polita gertatzen da. Emakume ekoizle gutxi ezagutzen ditugu, asteroko merkatuetan egoten direnetatik aparte, eta badira marmeladak egiten dituztenak, okinak, haragia eta barazkiak eskaintzen dituztenak, eta abar. 

Eta sortzaileekin ere gauza bera gertatzen da, askotariko aukerak eskaintzen dizkigute: kosmetika, bitxiak, ilustrazioak, moda diseinuak, zeramika, e.a.

Horien guztien artean baita herriko kreatzaileak ere. 

Bai, noski. Bertan izango dira Sara Etxeberria Basokomaxuxta, Uxune Iparragirre Hamarratz eta ni neu. Inurri elkartea ere gurekin izango da. 

 

"Egiten dizkiguten proposamenen aurrean erabiltzen dugun leloa da 'egingo dinagu!'"

 

Emakume sortzaileak eta ekoizleak lehen lerrora ekarri nahi dituzue, eta euskara ere erdigunean jarri.

Gure filosofiaren parte da emakume sortzaileak ezagutaraztea, plazaratzea eta horiek erdigunean jartzea; horri eman nahi diogu garrantzia. Artisau azoka ugari iragartzen dituzte, herri askotan, baina guk bereizgarria izango den zerbait nahi dugu, emakumeak zentroan jarriko dituena. 

Eta euskararena ere hautua da, bai. Gure hizkuntza da, mintzaira horretan bizi gara eta horri ere eman nahi diogu garrantzia.

Kolektiboa izendatzeko Nokako aditz bat erabili duzue: Dinagu. 

Gure lema da, iristen zaizkigun proposamenen aurrean beti erabiltzen duguna: egingo dinagu! Guk eskainiko dinagu Euskal Herriko emakume sortzaile eta ekoizleen azoka bat, eta, erosle edo bezeroarentzat, berriz, bada gure ekoizkinen eskaintza egingo dinagu. Kosmetika produktuak erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek, baita bitxiak, agendak eta koadernoak, kakorratz lanak edo loreekin egindako artelanak ere, besteak beste. Ekoizleek, aldiz, beste zenbait produkturen artean, ogia, esnekiak eta haragia eskainiko dituzte. 

Eta zure postuan zer topatu eta erosi ahal izango dute herritarrek?

Lasarteoriatarrek ezagutzen dute denda eta gutxi gorabehera badakite zer den eskaintzen dudana. Koölen ditudan Euskal Herriko sortzaile guztiak egongo dira Okendo plazan. Nik horietako bakoitzaren lanaren zatitxo bat baino ez dut, baina azokak aukera ahalbidetuko du horiek guztiak aurrez aurre ezagutzea, hau da, nire negozioan erositako belarritakoak nork egiten dituen ikustea, edota erosi duten koaderno edo agenda nork egiten duen jakitea. 

Nire produktuei dagokienez, osagarrien eskaintza egingo dut nik. Naturan oinarritutakoak sortzen ditut, betiere gure azalarekiko errespetutsuak izango direnak, organikoak eta atenporalak, alegia, urteko edozein unetan jantz daitezkeenak: motxilak, lepokoak, eta abar.