Testuinguru horri heldu diote TXINTXARRI aldizkariaren erredakziora bidali duten komunikatuan. "Garai nahasian bizi gara: atzerritartasun lege arrazista; Palestinaren kontrako genozidioa; erregimen politiko heterosexuala; gure eskualdean ezin bizi izatea ehunka etxe hutsik dauden bitartean; eta feminizidioak, transfobia edota misoginia dira gure bizitzak zeharkatzen dituzten zapalkuntza zerrenda bukaezinaren parte", hausnartu dute.
Zerrendatu dituzten eraso eta egoera horien guztien aurka "lubaki feministetan" babesten dituzte euren buruak, "misoginia modernoaren, feminismoaren despolitizazio saiakeren, faxismoaren goratzearen zein diskurtso arrazisten kontra". Ildo horretatik, ikusten dute "binarismoarekin hausteko beharra" eta "elkargune ez mistoak eta genero disidenteontzako espazioak" eraikitzeko premia.
Hausnartzeko topalekua
Hori horrela izanik, Euskal Herriko Gazte Feministek (EHGF) bi urtean behin aurrera eramaten dute Baterajotzea ekimena, "elkartu eta batera hausnartzeko zein ekiteko topalekua". Aurrenekoa 2021eko urrian gauzatu zuten, Elizondon (Nafarroa), eta bigarrena, bi urte geroago, Usurbilen, greba feminista orokorraren atarian.
Hirugarren aldiaren leloari eutsita, Lasarte-Oriako taldeko kideek "lubaki feminista indartu" egin dute azken hilabeteetan eta norabide horretan urratsak egiten jarraituko dute, adibidez, gaur bertan (hilak 17): Usurbilgo Mikel Laboa plazara joango dira, 18:30erako, Buruntzaldeko gazte feministak elkar ezagutzea helburu duen topaketan parte hartzera. "Saretzeko eta gozatzeko espazioa izango da".
Bukatzeko, herriko gazte feministek azpimarratu dute "konspirazio, borroka eta iraultza feministan jarraitzeko topagune" bilakatuko dutela Zaldibarko Baterajotzea, hilaren 31tik azaroaren 2ra.