Texas Lasartearra CFko taldea izan zen lehena zelaira ateratzen. Atsobakar kirol gunean Billabona KE B taldea izan zuen aurrez aurre.
Txuri-urdinak atsedenaldira 2-0koarekin joan ziren eta bigarren zatiaren hasieran beste bi gol egitea ere lortu zuten. Jarraian, etxekoen hutsegiteengatik 4-3 gerturatu zen aurkaria eta emaitza horrekin amaitu zen lehia.
Ostadar SKTko A taldeak, aldiz, Arrupe Chaminade D taldearekin neurtu zituen indarrak. Ikus galeriako irudiak.
Etxekoek ongi hasi zuten partida. Baloia jokatuz, aukera ugari sortu zituzten eta atsedenaldia baino lehen 5-0ko emaitza ageri zen markagailuan. Bigarren zatian, ordea, ez zuten zorterik izan atearen aurrean eta ezin izan zuten errenta handitu.
Kanpoko neurketei dagokionez, talde urdin-beltzeko kadete B zein nesken taldeek Hernani eta Usurbilen aurka jokatu zuten, hurrenez hurren. Bietan nagusi izan zen aurkaria; lehenek 7-1 galdu zuten eta bigarrenek, aldiz, 6-0.
Astiazaranek gola
Bestalde, hilaren 11n jokatutako Sanse eta Andorraren arteko norgehiagokan, Lander Astiazaran herritarra protagonista izan zen; 3-0koa egin zuen. Aulkian hasi zuen partida Lasarte-Oriako erdilariak, baina zelaira sartu eta hamabost minutuetara ezkerrarekin jaurtitako baloia atean sartu zuen.