Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak, lehen puntuak etxean

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 15a, 09:55

Eguzki AFko taldeek asteburu biribila izan dute. Maila guztietako ordezkariek garaipena erdietsi zuten eta helduen taldeen kasuan sailkapenean lehen puntuak gehitu zituzten. Esate baterako, Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldea borrokatuta lortu zuen Idiazabal BaiReformas; 1-4 aurka jarri zitzaion neurketari itzulia eman ahal izan zion etxeko taldeak

Hasieran Idiazabalek bere jokoarekin harritu zuen Eguzki. "Jokalari ona du puntan eta taldeak hari bidaltzen zizkion baloiak. Atezainaren aurrean jarri eta horrela egin zizkiguten lehen golak", azaldu du Francisco Javier Kixki Perez prestatzaileak. 

Bien bitartean, talde hori-beltzeko kideek nahiz eta aurkariaren atera behin baino gehiagotan iritsi, ezin izan zuen golik egin. Atsedenaldira 0-2 iritsi ziren. 

Bigarren zatiaren hasieran, Eguzkik aldea txikitu zuen gol bat eginez. Baina jarraian Idiazabalek korner batean eta pase luze batean beste bi egin zituen.

Neurketa amaitzeko sei minutu faltan etxekoen erasoek fruitu izan zuten; bigarren gola. 

Ostean, atezain jokalari modura jarri eta Eguzkik errazago jokatzea lortu zuen. Gol aukerak ugaritu eta launa berdintzeaz gain, azken minutuan garaipena emango zien bi gol ere sartu zituzten.

Talde berria

Ligari begira, ilusioa, baina era berean mailan eskarmentu eza dutela ere azpimarratu du Perezek. Izan ere, aurten taldea eraberritu dela nabarmendu du. Jubenil mailako batzuk igo dira eta jokalari berriak ere etorri dira; guztira, bederatzi jokalari gehitu dira taldera. Perez berak ere jubenilak entrenatzetik erregionaleko lehen taldera egin du jauzia; iazko prestatzaile Yosu Lopezen laguntza du. 

Lan saioak guztiz aldatu dituztela ere gehitu du eta horregatik, liga hasiera honetan egiteko asko dutela azaldu du. Beraz, aurten helburu zehatzik jarri ez dutela adierazi du: "Partidak borrokatuko ditugu eta lehen postutan baldin bagaude, poztekoa izango da".

Gainera, sei talde berri daude maila eta lehen asteetako emaitzak ikusirik Eguzkiko prestatzaileak liga irekia dagoela uste du: "Ez dago liga irabazteko hautagai garbirik. Ligan zehar joango gara ikusten".

Gainerako emaitzak

  • Erregional I. maila: Eibartarrak FT 1 - 4 Eguzki ISU Leihoak
  • Kadete maila: Eguzki Escalerillas taberna 6 - 1 Eskoriatza KE
  • Infantil maila:
    • Eguzki Andatza taberna 7 - 0 Irun Futsal
    • Antiguoko KE B 1 - 5 Eguzki Patricio Taberna

Eskola ere lehian

Areto Futbol eskolako gaztetxoek ere topaketak hasi dituzte. Alebin eta benjaminek lehen saioa izan zuten hilaren 12an, Michelin kirol gunean zein Eskoriatzan. Irungo klubeko taldeak izan zituzten aurkari etxean; Eskoriatza eta Mondrateko kideak, kanpoan.