Musika, dantza eta janari artean ospatu dute 22. Aste Kulturala Semblante Andaluzeko kideek. Okendo plazan karpa ipini eta bertara aipaturiko beren sorterriko elementu horiek ekarri dituzte, baita jolasak, puzgarriak eta hitzaldiak ere, besteak beste. Ospakizunez beteriko asteburua berehala pasa zaie, disfrutatzeko lehentasuna kolkoan izan dutelarik, denborak ziztu-bizian igaro delako.
Andaluzia ospatzeko asmoz, musikak presentzia handia izan du, Aste Kultural honetan. Askotariko musikak. Hasteko, herriko The Noisemakers taldeak rock kontzertu indartsu eta bizia eskaini zuen, ostiral iluntzean. Karpan, gazteak zein helduak bildu ziren. Etxeko txikienek taldearen doinuekin liluratuta, dantzan aritu ziren gogotsu, nekatu arte. Larunbat goizean, Oaintxe in deu! txarangak alaitu zituen erdiguneko kaleak LOZETeko buruhandiekin batera, eta larunbat iluntzean, berriz, Flamenco y son taldeak eskaini zuen kontzertua.
Dantzarako unea asteburua osoa izan da. Alabaina, izan dira dantzaren inguruan osatutako ekitaldiak; Amaia Caballerok gidatutako runba flamenko ikastaroa, hain zuzen. Bertan, Caballerok bi laguntzailerekin batera, hainbat pausu erakutsi ditu. Publikoak, bere aldetik, pausu horiek imitatu ditu. Etxeko txikientzako, puzgarriak eta jolasak eskura izan dira, karpatik at.