Aurreko urtean enkargu bat jaso zuten Intza Alkainek, Mikel Ibargurenek eta Edurne Azkaratek. Susa argitaletxearen Mundu Poesia Kaierak bildumak hamar urte betetzen zituen, garai hartan. Hamarkada honetan zehar, MPK-k hildakoen antologiak publikatu ditu. Alabaina, urteurrenari begira, edizio berezia preparatu zuen argitaletxeak 39 itzultzaileetako bakoitzak bizirik den egile baten poema bat hautatu eta euskaratu baititu. Biziei ere omen izenburu du liburukinak. Obra hori oholtzaratzea izan du Formolek erronka.
Eszenaratutakoa poesia izan arren, piezak ez du poesia errezital itxura. Ez da antzezlana, ezta ere. Horrela definitzen dute Alkainek, Ibargurenek eta Azkaratek, oraingoz. Badu esperimentaziotik, argi jokuetatik, soinu instalaziotik, askotariko elementuak tartekatzetik; kroma, besteak beste. Horren guztiaren batuketak Heriotzak Eduardo du izena bizipen sentsoriala izatera eramaten du.