Hitzordua goizeko 09:30etan izan dute, Okendo Plazan. Pixkanaka-pixkanaka gerturatu dira 'Aniztasunean elkarrekin' I. Martxa Inklusiboko parte hartzaileak. Kuadrillan, familian edota txakur artean. Askotariko eran ekin diote ibilbide berri honi. Era berean, lasarteoriatarrak ez ezik, Gipuzkoako hainbat herritako jendea ere parte hartzera animatu da.
Izena ematerakoan izandako arazo teknikoengatik, martxa ustez baino beranduago hasi da. Finean, parte hartzaile askok inskripzioa aurrez aurre egin behar izan dute. Alabaina, hamabost bat minutuko atzerapenarekin, martxarekin hasi dira. Gogotsu, indartsu eta alai, lasterketa ez izanik, paseoz disfrutatzen. Okendo plazatik irten eta Martin Berasategiruntz abiatu dira. Handik sei kilometroz ibili eta Lasarte-Oriako berdeguneak zeharkatu dituzte.
Eguerdiarekin batera ailegatu dira parte hartzaileak. Helmugan, luntxaz goatzeko aukera izan dute; fruta, ogitartekoa eta edatekoa. Bien bitartean, Los Diversos taldeak kontzertua eskaini du. Bertsio eta abesti originalen artean, ibiltariek iritsiera dantza eta abesti artean ospatu dute.
Jardunaldiarekin amaitzeko, Goizalde Pildain kirol zinegotziak eta Estitxu Alkorta euskara zinegotziak testu bat leitu dute, aldarrikatzeko "inklusioa ez dela helmuga, baizik eta bidea bera". Horren ostean, Upsala Kirol Elkarteko Julian Iborrak Pildaini eskerrak emateko, lore sorta bat oparitu dio. Eskerrak eta aitortzak borobiltzeko, Jalgune Elkarteak Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Pausoka Pausoka abestia dantzatu dute.