Tantaka-tantaka iritsi dira herritarrak Semblante Andaluz elkartearen egoitzara, Txani Rodriguez idazle laudiotarraren La Andalucía evocada liburuaren nondik norakoak ezagutzera. Kazetariak iritsi direnerako giro atseginean ari ziren tertulian hizlaria eta ikus-entzuleak, aurkezpenean zehar elkarren arteko konfiantza giroa eraiki dutenaren seinale. Ohorezko ardoarekin topa egin bitartean mokadutxo bat jateko garaia hurbiltzen ari zelako-edo, payoyo gaztaz hizketan amaitu dute, Cadizen dagoen Villaluenga del Rosario udalerrian egiten dutena. Oraindik probatu ez dutenei hori egitea gomendatu die idazleak. Hasi dira gero beste toki batzuetakoez hizketan, Rodriguezek esaldi honekin errematatu duen arte: "Nire amak esaten duen moduan, ez dago gazta txarrik".
Gaztarik ez, baina urdaiazpiko, txorizo eta saltxitxoi goxoak zituzten platerak mahai gainean zeuden bertaratu direnek Rodriguez txalo artean agurtu dutenerako. Semblante Andaluz elkarteko lehendakari Fernando Cruz eta zuzendaritza taldeko beste kide batzuek atondu dute guztia. Edari freskoak ireki, zerbitzatu eta topa egiteko udal korporazioko zinegotziak besterik ez ziren falta. Hilabete honetako udalbatzarreko ohiko saioa luzatu egin zaie eta 20:30ak pasata iritsi dira egoitzara, festarekin bat egiteko gogoz. Gauzak horrela, edalontziak hartu dituzte guztiek eta orduan bai, 22. Aste Kulturala hasi izana ospatu dute. Hestebeteak bukatuta, patata tortillak eta sukaldariek mimoz prestatutako beste gutizia batzuk dastatu dituzte.
Irekiera ekitaldia gauzatuta, jardueraz betetako asteburu luzea dute aurretik. Andaluziar kulturaren erakusleihoa Atsobakar auzoko egoitzatik Okendo plazako karpara jaitsiko dute.
Egitaraua
Hilak 10, ostirala
- 18:00etan, karparen irekiera.
- 19:00etan, pintxo-potea.
- 20:00etan, The Noise Makers taldearen kontzertua.
- 23:00etan, Arka taldearen kontzertua.
Hilak 11, larunbata
- 11:00etatik 14:00etara, haurrentzako puzgarriak eta egurrezko jokoak.
- 11:30ean, jolasak, aurpegi margoketa, minidiskoa eta marrazki txapelketa, umeentzat.
- 12:30ean, LOZETeko buruhandi eta Oaintxe in deu! txarangarekin kalejira.
- 14:30ean, herri bazkaria. Marmitakoa jango dute.
- 16:00etan, txapelketak: toka, igela eta botea.
- 17:00etatik 20:00etara, haurrentzako puzgarriak eta egurrezko jokoak.
- 17:00etan, dantzaldia.
- 19:00etan, runba flamenko ikastaroa, Amaia Gonzalez Caballeroren eskutik.
- 20:00etan, Flamenco y son taldearen kontzertua.
- 23:00etan, La calle del Remolino taldearen kontzertua.
Hilak 12, igandea
- 11:00etan, karparen irekiera, musikarekin.
- 12:30ean, txapelketen sariak banatuko dituzte.
- 14:30ean, herri bazkaria. Paella jango dute.
- 17:00etan, Semblante Andaluz elkarteko dantza taldeen emanaldiak: Duende, Al Alba, Azahar, Azabache eta Akelarre Flamenca.
- 18:30ean, Gipsy Dance ikastaroa, Lourdes Motiño-ren eskutik.
- 19:30ean, Semblante Rociero taldearen kontzertua.
- 21:00etan, 22. Aste Kulturalaren amaiera.