Euskal Liga II. mailako taldeak etxeko berotasunean lortu zuen garaipena. Hilaren 5ean, CD Navarro Villosladaren hartu zuen Maialen Chourraut kiroldegian.
Ederki borrokatu behar izan zuten talde urdin-beltzeko kideek puntuak lortzeko. Lehen jokoa herritarren aldeko (25-17) izan arren, bigarrenean 24-26 gailendu ziren nafarrak. Gainerako bi zatietan herritarrak izan ziren garaile, 25-22 eta 25-16.
Zorterik ez
Lehen mailako taldeak ere neurketa berdindua jokatu zuen Getxo Etorkiren aurka, baina ezin izan zuen kategoriako debuta aldeko emaitzarekin biribildu.
Lehen bi jokoak bizkaitarren aldeko izan ziren (25-20 eta 25-18). Urdin-beltzek ez zuten amore eman, ordea eta laugarren zatia jokatzera behartu zuten aurkaria, 24-26 irabazi ostean. Bizkaitarrek ez zuten garaipena ihes egitea nahi eta partida erabaki zuten 25-20ko markagailua eginez.
Emaitzak alde batera utzita, ez da hasiera txarra izan Ostadar Boleibola taldeentzat, euren maila neurtzeko balio izan die lehen hitzorduak. Orain bi aste dituzte lan egin eta hurrengo hitzorduak prestatzeko, Euskal Ligak ez du jardunaldirik hilaren 11-12ko asteburuan.