Intzako kadete 2. mailako kideek, azken fasea jokatzeko aukerak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 9a, 13:30

Intzako denboraldi hasierako Nagusien neurketa.

Lehen faseko azken jardunaldia jokatuko dute Intzako kadete 2. mailako kideek hilaren 11n. Multzoko bigarren postuan dira eta euren mailako Gipuzkoako txapelketa lehiatzeko aukera dute

Urriaren 2an, Gaztelupe 2 5-22 garaitu zuten Oier Elola eta Oier Jauregik eta aurreko hiru asteetako emaitzei esker, zazpi punturekin lehen postuetan da kadete bikoa.

Gertu du Tolosa (6 puntu) eta azken faseko sailkapena ziurtatzeko Aloña Mendi 3 gainditu beharko du herriko bikoak.

Etxean ere izan zen poztekorik. Kadeteen 3. mailako eta nagusien 2. mailako neurketak izan ziren Loidibarren pilotalekuan, hilaren 3an. Bi bikoteek LAPKEko ordezkariak izan zituzten aurrez aurre eta kadeteek garaipena erdietsi zuten. Arkaitz Lasa-Ekhi Maiz bikoak 22-9 irabazi zion LAPKE 2 bikoari.

Horren ostean, ordea, Nagusien 2. Mailako Artetxe-Egaña bikoteak ezin izan zuen aurkaria gainditu. Lazkaotarrak 15-22 garaitu zituzten etxekoak.

Egun berean Donostian jokatu zuten gomazko paletako ordezkariek. Altzatarra 1 bikoaren aurka neurketa borrokatua jokatu zuten Jagoba Mendizabal eta Eneko Sarasolak. Alabaina donostiarrak aldea ireki eta herritarrek ezin izan zuten euren erritmoa jarraitu. 25-18 amaitu zen partida.