Algaraclown-eko pailazoek Atsobakar egoitzako egoiliarrak alaitu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 9a, 10:44

Gogotik dibertitu ziren egoiliarrak eta pailazoak. Argazkia: Algaraclown.

Algaraclown taldeko Roxali, Kakaxun eta Txispas pailazoek Atsobakarreko egoiliarrak gogotik alaitu zituzten hilaren 6an, jantzi koloretsuak eta sudur gorriak soinean zituztela. Obed Cabrera Leizak hezurmamitzen du pailazo horietako bat eta, kontatu digunez, hasieran "aurkezpenak, abestiak, kontaktu fisikoa eta begirada arretatsuak izan ziren nagusi".

Egoiliar gehienak eserita zeuden, aipatu hiru pailazo horiek eszenatoki modura erabili zuten borobil ireki bat osatuta. Isil-isilik dago kantatu zuten jarraian eta korua egitera animatu ziren adineko pertsona batzuk. Ondoren, txapelaren azpian ezkutatuta zuen sagar bat atera zuen Roxalik eta, aitzakia horrekin, Aldapeko sagarraren ezaguna abestu zuten. Horrela hasi ziren Algaraclowneko kideen jolas eta barre proposamenak. Gustura jaso zituzten Atsobakarreko kideek eta pare bat dantzatzera animatu ziren, euren aulkietatik altxata.

Atsobakar egoitza alaitzera joandako pailazoek eman bakarrik ez, jaso ere egin zuten egoiliarren partetik: Extremoduro taldearen maitasunari buruzko abesti baten estrofa batzuk. Giroa hori izanik, Clavelitos kantatu zuten Roxali, Kakaxun eta Txispasek. Beste bisita batzuetan pasa zaien moduan, eurek baino hobeto zekiten abesti hori parean zituzten adinekoek.

Pailazoek harreman ederra egin zuten egoiliarrekin. Argazkia: Algaraclown.

Kantu eta abesti artean gailendu zen "pailazoen eta egoiliarren begiraden arteko jolasa", Cabreraren hitzetan: izenak galdetu, begietara so egin... Gisa horretako ariketa askoren ondoren, elkar agurtzeko unea heldu zen, nola ez, elkarrekin abestuta: Adiós con el corazón aukeratu zuten.