Ohorezko B mailako taldeak SteelPhalt Getxo izan zuen aurkari. Lehen zati berdinduaren (6-16) ostean, bigarrenean bizkaitarrak nagusi izan ziren eta 11-36 gailendu ziren.
Euskal Ligako 1. Mailako taldeak ez zuen aldeko emaitzarik (39-7) lortu ahal izan Donostian, Atletico San Sebastianen aurka. Baina pozteko berria izan zuten Beltzak RT-ko kideek. Harrobiko jokalariez betetako hamabostekoa izan zen zelaian eta Joanes Arroyo gazteak debuta egin zuen, baita entsegua lortu ere.
Eibarren, aldiz, 18 eta 16 urtez azpiko Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldeek Gaztediko taldeak izan zituzten aurrez aurre.
Lehenek partida borrokatua lehiatu zuten; 0-7ko markagailuari itzulia eman eta garaipena erdietsi zuten, 13-10.
16 urtez azpiko gazteek, aldiz, ezin izan zituzten gasteiztarrak eutsi. Aurkariak nagusi izan ziren hasieratik eta 10-36 amaitu zen partida.
Europako Superkopa
Eta harrobiko jokalariekin jarraituz, Alex Saleta herritarra hilaren 3tik Castilla y Leon Iberians taldearekin ari da lanean; Europako Superkopako lehen hitzordua prestatzen egon da taldea. Gaur, hilaren 10ean, jokatuko da neurketa Palentzian (Gaztela eta Leon) Belgikako ordezkari Brussels Devilsen aurka.
Belgikako taldeaz gain, Herbeheretako Delta, Erumaniako Romanian Wolves, Txekiako Bohemia Warriors eta Portugalgo Lusitanos izango ditu aurrez aurre Iberians taldeak urrian eta abenduan jokatuko diren neurketetan. Itzuli bateko liga izango da eta sailkapeneko lehen lau taldeek urtarrilean lehiatuko den azken faserako txartela eskuratuko dute.
Saleta herritarra uda baino lehen eskutik operatu zuten eta guztiz osatua ez dagoen arren, gogoz berrekin dio lanari VRAC Quesos Entrepinares taldean. Ez du aukera askorik izan taldearekin jokatzeko, ordea; Castilla y Leon Iberiansek aukeratu du herritarra aurtengo lan taldean egoteko eta egonaldi ezberdinak egin ditu azken hilabetean.