Mende erdi elkarrekin daramaten bikoteek data gogoangarri asko izango dituzte oroitzapenean iltzatuta. Gaurtik aurrera, bat gehiago: 2025eko urriaren 8a, urrezko ezteiak egin dituztela gogotik ospatu duten eguna. Adinekoen Omenaldi Astearen barruko aitortza bereziena izaten da 50 urte ezkonduta daramatzatenena. Hauek izan dira aintzatetsi berri dituzten herritarrak:
- Antonio Dominguez Hernandez eta Mari Carmen Lazkano Araquistain, 1975eko urriaren 10ean ezkonduak.
- Manuel Carballes Fernandez eta Manuela Fernandez Coronado, 1975ko irailaren 8an ezkonduak.
- Inocencio Santos Castro eta Maria Francisca Rodriguez Fernandez, 1975eko apirilaren 26an ezkonduak.
- Juan Jose Sorrondegi Urruzola eta Itziar Martija Artetxe, 1975eko maiatzaren 24an ezkonduak.
- Venancio Garcia Gonzalez eta Angeles Alonso Hoyos, 1975eko abuztuaren 2an ezkonduak.
- Manuel Jerez Duro eta Mari Carmen Gago Lopez, 1975eko abuztuaren 4an ezkonduak.
- German Gonzalez De Vega eta Ines Corchuelo Cortes, 1975eko uztailaren 17an ezkonduak.
- Antonio Palomares Martinez eta Mari Carmen Lizarraga Amador, 1975eko uztailaren 9an ezkonduak.
Egun eguzkitsu eta eder honi egoitzatik komentura kalejira eginez ekin diote. Eraikin erlijiosoaren atarira iristean, Aurreskua dantzatu diete eta elizkizuna eman duen Felix Garitano kapilauak ongietorria egin die. Hiru ordu laurden inguru iraun ditu mezak eta berriz ere kanpora irten aurretik, euren parean eserita zeuden Biyak Bat koruko kideek aurrenekoz abestu diete, urrezko ezteiak abestu izanagatik zoriontzeko. Jarraian, Garitanok honakoa esan die: "Hamar urte barru espero zaituztegu!".
Aitortza ekitaldia
Komentutik egoitzara itzuli dira eta bertan jaso dute aitortza ekitaldi hunkigarriena. Aurrena, Agustin Valdivia alkateak eta Biyak Bateko zuzendari Lucia Muñozek hartu dute hitza, parean zituzten zortzi bikoteak zoriontzeko. Udal gobernuko buruak, gainera, Jorge Bucay idazle argentinarraren poema bat irakurri die, euren ibilbideari ekin berri dioten bikoteei ere errezitatzen diena euren ezkontza egunetan.
Ondoren, zenbait abesti interpretatu dituzte koruko kideek eta, kantu bakoitzaren artean, kideetako batek bikote bakoitzari hitz eder eta hunkigarri batzuk eskaini dizkie. Horiek entzundakoan, altxa eta oroigarriak jaso dituzte Biyak Bateko nahiz udal gobernuko ordezkarien eskutik. Bitxikeria gisa, urrezko ezteiak egin dituen pertsonetako batek, Ines Corchuelo Cortesek, urtebetetze eguna zuen gaurkoa eta ekitaldira bertaratutako guztiek Zorionak zuri abestu diote.
Herriko Etxea jatetxera bazkaltzera joan baino lehen, oroigarriak egoitzan utzi eta Arantzazuko Ama parrokia atarira joan dira gaurko protagonistak, egun berezi hau oroitzen lagunduko dien argazkia ateratzera.