Xake azkarreko Gipuzkoako txapelketak, bakarkako lehiaren atariko

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 8a, 10:30

Taula Xake Klubeko taldea, xake azkarreko txapelketan. Arg.: Bidasoa Xake kluba

Taula Xake Klubeko kideek ez dute atsedenik. Gipuzkoako bakarkako txapelketak jokatzeko egun batzuk besterik ez dituzte falta eta trebatzeko Sasoeta auzoko jaietako zein bakarkako eta taldeko blitz edo xake azkarreko Gipuzkoako txapelketetan izan dira lehian

Klubak antolatutako Sasoetako jaietako xake txapelketak herritar eta gaztetxo talde bat bildu zen Sasoeta Sasoian elkartean, hilaren  4an. Erlojuak martxan jarri eta partida ezberdinak jokatu ostean, guztien artean Pedro Garcia izan zen garaile. 

Sasoeta Sasoian auzo elkarteko lokalean jokatu zuten xake txapelketa. Arg.: Sasoeta Sasoian.

Kirol taldeko kideetako batzuk, ordea, Irunen zeuden taldekako xake azkarreko Gipuzkoako txapelketa borrokatzen. 22 talde izan ziren lehian eta Pablo Arrondo, Erlantz Sanchez, Miguel M. Baroja eta Daniel Vegasek osatutako laukoak hamar talderi egin behar izan zien aurre. Bost aurkari gainditu eta bost saioa galdu zituzten eta ondorioz, hamabigarren postuan amaitu zuten jardunaldia.

Lasarte-Oriako talderi aurre eginez, Juan Rodriguez izan zen Gros T taldean. Horiek ere bosna neurketa galdu eta irabazi zituzten, baian puntuengatik bederatzigarren izan ziren.

Astebete lehenago, irailaren 27an, banakako proba jokatu zen eta klubeko bost kidek parte hartu zuten. Erlantz Sanchezek lortu zuen emaitzarik onena; hamaikagarren izan zen.

Gipuzkoako txapelketa

Eta aipatu moduan, atzerako kontua hasi da xake jokalarientzat. Hilaren 11n eta 12an, kategoria ezberdinetako Gipuzkoako txapelketetako lehen jardunaldia izango dute; zehazki, bigarren, hirugarren eta kadeteen lehiatan izango dira borrokan.