Hilaren 5ean, Asier Sagasti eta Suhar Aristegi senior mailako Gipuzkoako txapelketan izan ziren borrokan. Urnietako kiroldegian jokatu zen jardunaldian LOKEko kideak lehen postuetan sailkatu ziren bakoitza bere mailan. Dominak beharrean botilak banatu zituzten sari modura eta horrela, Aristegik urrezkoa jaso zuen eta Sagastik, brontzezkoa.
Emaitza horiei esker, biak Euskadiko txapelketarako sailkapena eskuratu dute; hitzordua hilaren 19an izango da Urnietan.
Kadeteek, zorterik ez
Egun bat lehenago, kadete mailako kirolari gazteak euren mailako Kantabriako Superkopan parte hartu zuten, Santanderren (Kantabria).
Anne Linazasoro, Maria Escribano, Marco Iriso, Irai Diez, Ariane Luis eta Francis Mihai judokek maila ezberdinetako lehiari egin zioten aurre. Nahiz eta kideren bat bigarren aukera jokatu ahal izan, judoka gazteek ezin izan zuten dominen lehiarako sailkatu.
Taldeko entrenatzaile Gorka Aristegi pozarren dago bere ikasleek egindako lanarekin: "Jarrera ona izan zuten guztiek eta borrokak ere maila altukoak izan ziren. Gureak nahiko gazteak dira kategorian eta nabari da".
Urriko hitzorduak
Bi lehiaketa hauek txapelketaz betetako kadete zein senior mailako agendako hilabeteari eman diote hasiera.
Hilaren 11n eta 12an, kadete kategoriako judokek Salamancako Villares de la Reina (Gaztela eta Leon) herrian Vicente Zarza I. torneoan parte hartuko dute.
Astebete geroago, seniorrek aipatu Euskadiko txapelketa jokatuko dute, Urnietan.
Hilabeteari amaiera emateko hilaren 25ean, Iruñean (Nafarroa) Anaitasuna txapelketan izango dira kadeteak.
Azaroa ere hitzorduz beteta izango dutela iragarri du LOKEko prestatzaileak.