Maialen Chourraut herritarra, Munduko txapelketako K1 eta Kayak kros finaletan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 7a, 12:15

Maialen Chourraut, Kayak kroseko lehian. Arg.: RFEPiraguismo

Era ezin hobean amaitu du Maialen Chourraut herritarrak Sydneyen (Australia) jokatu den Eslalomeko Munduko txapelketa; K1 eta Kayak kros finaletan lehiatu da Kayak kroseko erlojupekoa eta taldeko lehien ostean, Penritheko kanalean onenen artean borrokatzen aritu da olinpiar dominaduna eta podiumetik gertu geratu da

Hilaren 3an, K1 modalitateko finalerdiari egin zion aurre lasarteoriatarrak. Denborarik onena egin zuen lehen jaitsieran (103.68), baina 24. atean akats bat egin eta 2 puntuko zigorra jaso zuen. Sailkapenean ere lehen postuan mantendu zen, Camille Prigent frantsesak herritarraren marka ondu zuenera arte. 

Beraz, bigarren sailkatu modura iritsi zen finalera Chourraut; horretan ere ez zuen hutsekin zorterik izan eta podiumak ihes egin zion. Hirugarren markarik onena egin zuen herritarrak, baina hamabigarren atean zigorra jaso eta 105.54rekin bosgarren amaitu zuen lehiaketa. 

Lehiatutako finala

Egun bat geroago, palista entzutetsua Kayak kroseko txapelketako finalera iritsi zen kanporaketa guztiak gaindituta.

Azken jaitsieran, Angele Hug eta Camile Prigent frantsesekin zein Klaudia Zwolinska poloniarrarekin neurtu zituen indarrak.

Hasiera eman eta Lasarte-Oriako kirolariak aurre hartu zien gainerako hirurei. Baina lehen atea igotzean ibilbidean arazo bat izan eta ongi baliatu zuten aurkariek Chourraut laugarren postuan uzteko. Gainerako bidean Lasarte-Oriako palistak ezin izan zuen posturik irabazi eta Hugek jantzi zuen Munduko txapelketako urrea.