Bookstart Euskadi-Gipuzkoa egitasmoarekin bat egin du, hirugarren urtez, Lasarte-Oriak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 7a, 11:56

Lasarte-Orian erroldatuta dauden 0 eta 3 urteko haurren irakurzaletasuna sustatzen jarraitzeko asmoa berretsi du udala; horretarako, Bookstart Euskadi-Gipuzkoa egitasmoa aurrera eramango du aurten ere, hirugarrenez, Mestiza Gobernuz Kanpoko Erakundearekin batera

Bookstart Euskadi, Mestiza Elkarteak bultzatzen duen programa unibertsala da, eta familia zein haurren tutoreei zuzenduta dago. Liburu sorta bat eskaintzen du, musu-truk, irakurketa bateratuari buruzko aholkuak eta orientazioa, baita familientzako baliabideak eta jarduerak ere. Proiektuaren helburu nagusia da 0 eta 3 urte bitarteko haurren irakurzaletasuna bultzatzea da, adin horretako gaztetxoek liburu, abesti eta errimekiko maitasuna sortzea.  Horren gaineko xehetasunak eman dituzte ekimenaren ordezkari eta Mestiza Gobernuz Kanpoko Erakundeko kide Ana Molinak, eta udaleko Gizarte Zerbitzuak saileko zinegotzi Lourdes Acevedok. Hirugarren urtez bat egin du udalak aipatu egitasmoarekin, eta 2024. urtean lortutako emaitzak eta aurtengo edizioaren  helburuak partekatu dituzte. 

Iazko datuen arabera, Lasarte-Orian Liburu Baby Klubaren hemezortzi saio aurrera eraman ziren, guztiak Udal Liburutegian, eta orotara 673 pertsonak hartu zuten parte. Horietatik guztietatik 319 haurrak eta 354 helduak. Azken horien desglose zehatzagoa ere egin dute:  % 69,2 amak izan ziren, eta % 29,1, berriz, aitak. Gainera, zazpi nazionalitatetako familiak nabarmendu ziren (Venezuela, Peru, Argentina, Mexiko, Ekuador, Errumania eta Portugal). Horren harira, nabarmendu dute datuok indartu egiten dutela proiektuaren izaera "inklusiboa eta multikulturala".

Zifra horiek mahaigaineratuta, Molinak azpimarratu ditu erakundeen arteko elkarlanaren eta herritarren erantzunaren garrantzia: “Lasarte-Orian programa egiten dugun hirugarren urtea da, eta horrek erakusten du izaten ari den eragin positiboa. Zifrek hala erakusten dute". 

Hiru liburu eta kanturako errima gida

Parte hartzen duen familia bakoitzak, urtero bezala, liburu sorta bat jasoko du doan. Horiek "kontu handiz aukeratuak" izan direla azpimarratu du Molinak, eta horien bitartez lortu nahi dute irakurzaletasuna, abestiak eta errimak bizitzako lehen hilabeteetatik sustatzea. Gainera, jakinarazi, entzumen, ikusmen edota mugimendu mugatua duten adingabeentzako "edizio egokituak" ere badaudela. Ohi bezala, euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko liburu bana eskuratuko dituzte haurrek; hauek izango dira aurtengo paketeko liburuak, hurrenez hurren: Pamiela argitaletxearen Biolina, Ediciones Ekaré argitaldariko ¿Dónde estoy?, eta Walker books editorialaren Maisy's Rocket.

Gauzak horrela, Molinak gogorarazi zuenez, Bookstart ez dela soilik irakurketa sustatzeko programa bat, baizik eta "komunitatea sortzen duen proiektu bat ere badela". Hala, adierazi du familiek "beren egunerokoaren parte" sentitzen dute jada, eta jarraipena eskatzen dute, hezkuntza-, afektibitate- eta gizarte-baliabide gisa ikusten dutelako. Kultura, elkartzen gaituen eta gizarte enpatikoago eta toleranteago bat eraikitzeko aukera ematen digun hari eroale bihurtzen da”.

Acevedok ere hartu du hitza, eta balioan jarri du Mestiza elkartearekin batera egindako lana eta ekimenaren dimentsio soziala: “Hasieran atentzioa eman zigun haurtxoei zuzendutako programa batek hainbesteko eragina izan zezakeela, baina berehala ulertu genuen horren balioa. Gurasoen eta seme-alaben arteko harremana, ahotsa, tonua eta lotura funtsezkoak dira garapen emozional eta kognitiboan. Proiektu honek funtsezko zerbait gogorarazten digu: ez da diru kontua, denbora kontua baizik. Heziketarik onena denbora partekatuan oinarritzen da, eta une horietan familia loturak indartzen dituzten liburuen inguruan”.

2025eko berrikuntzak; "jasangarritasuna eta irisgarritasuna"

Aurtengo liburu sortaren formatua berritu egin dutela ere jakinarazi du Molinak. Horiek poltsa batean biltzetik, material birziklagarriekin egindako kutxan jaso dituzte. Proiektua defendatzen ditugun iraunkortasun balioekin koherentea izatea nahi dugu”, azaldu zuen.

Agerraldia amaitu aurretik, larunbat honetan, hilak 11, aurrera eramango den lehen Liburu Baby Klubaren saioa ekarri du gogora. 11:00etan izango da hori, Udal Liburutegian, eta familiek bertan jaso ahal izango dituzte aurtengo liburu paketeak.