Joseba Rekondok irabazi du II. Buruz Buruko Trinkete Txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 6a, 09:30

32 jokalarik jokatu zuten Mirentxuko II. Buruz Buruko Trinkete Txapelketa. Kirol hitzordu honek egun osoa iraun zuen, eta gauerarte luzatu zen festa Avenida taberna-jatetxean elkartu baitziren denak afaltzeko. 

Goizeko bederatzietan hasi zen lehia, eta gaueko bederatziak arte luzatu. Tarte horretan, norgehiagoka itzelak eman ziren, Mirentxuko Trinketean. Aurreko urtearen antzera, 32 jokalari eta irabazle bakarra izan arren, parte hartzaile orok maila handia erakutsi zuen egindako dejadekin, bi paretekin edota sakeekin. Aurtengo edizioarekin, bi urte bete ditu herriko zenbait gazteek antolatutako kirol hitzordu honek. Bi urteetan egindako harrerari erreparatuta, kantxa, izan, badu, lehiaketa honek, Lasarte-Orian. 

Eguraldi goraberatsua izan zutelarik, lehiak estuak izan ziren. Hasiera bateko asmoa, norgehiagoka gaueko zortzietan amaitzekoa zen. Alabaina, jokalariak hain fin arituta, partidak aurreikusi baino luzeagoak izan ziren.

Iker Artetxek defendatu zuen elastiko gorria, aurreko urte txapelduna izanik. Dena dela, final laurdenetan Unai Iturarteren aurka galdu zuen. Finala Mikel Gonzalezek eta Joseba Rekondok jokatu zuten. Indartsu aritu ziren, parekotasuna ageri zen. Markagailua, azkenean, Rekondok bereganatu zuen (22-19). Lehiakidez gain, lagunak ere badirelako, Gonzalezek eta Rekondok besarkada luze batekin amaitu zuten partida.

Txapelketa borobiltzeko, sarien banaketaren txanda ailegatu zen. Horretarako, Roke Etxezarretak eta Yon Mikel Rodriguezek, lehiaketako babesle nagusienek, ordainsariak banatu zituzten. Nahiz eta euri zaparrada majoa botatzen ari, kantxa publikoz beterik zen, eta hauek zerukoari irabazteko asmoz, txalo tzarraka handiagoa eskeini zieten saridunei. Amaitzeko, 32 jokalariek, antolatzaileek zein babesleek argazkia atera zuten.