Ohiko legez, festa pregoiarekin hasi da, eta aurten, omendua Udaberri elkarte gastronomikoa izanik, bertako bi ordezkariek irakurri dute testua. Tarte hori aprobetxatu dute elkarteak 90ko hamarkadan abiatutako ibilbidea gogoratzeko. Era berean, omenaldiarekin hunkituta, eskerrak gogotik eman dizkiote Sasoeta Sasoian elkarteari.
Jarraian, Andatza Plazara bertaratutakoak lehenengo jarduerarekin gozatzen hasi dira. Hasteko, helduek zein gaztek txokolotadarako ilara egin dute. Txokolate beroa eta itxura ederreko madalenak. Bien bitartean, barraketan etxeko txikienek biziki disfrutatu dute euren gurasoen zein aitona-amonen begiradapean. Uzturre Plazan, Los Chavales de Martijak kiroletako jarduerak eraman dituzte aurrera: lokotxak, zaku lasterketak, saskibaloia eta futbol jaurtiketak. Gaueko parradarako prestatzeko, DJ Inak musika ipini du.
Festetako ehenengo eguna indartsu hasi dute sasoetarrek. Alabaina, datozen bi egunetako prest dira jaiaz asteburu osoan zehar gozatzeko, behar bezala. Egitarau koloretsua eta zaporetsua dutelarik, aspertzeko astirik ez dute izango, behintzat.
Larunbata, urriak 4
- 11:00etan, haurrentzako eta helduentzako futbolin txapelketa, Jaizkibel enparantzan.
- 11:00etan, VII. Patata Tortilla Txapelketa, Andatza plazan. Tortillak 12:00ak arte jasoko dituzte antolatzaileek.
- 12:00etan, erraldoiak, LOZET elkartearen eskutik.
- 12:00etan, Extremadurako ogi apurrak, Virgen de Guadalupe Extremadurako Etxeko kideen eskutik.
- 14:30ean, bazkari herrikoia, Andatza plazan.
- 16:00etan, mus txapelketa, Txoko tabernan. Parte hartu nahi duten bikoteek bertaratu eta izena eman beharko dute.
- 16:00etan, aldibereko xake txapelketa, Taula Xake Klubaren eskutik, San Marcial enparantzan Sasoeta Sasoianek duen egoitzan.
- 18:00etan, pintxo-potea, auzo elkarteak Andatza plazan jarriko duen tabernan.
- 18:30ean, danborrada, Andatza plazatik abiatuta.
- 19:00etan, arratsalde pasa egiteko saioa, DJ Inaren eskutik.
- 22:00etan, zezensuzkoa, LOZET elkartearen eskutik, Andatza plazan.
- 22:30ean, Correcaminos taldearen kontzertua, Andatza plazan.
- 00:30ean, Stereo Rock taldearen kontzertua, Andatza plazan.
Igandea, urriak 5
- 11:00etan, pil-pil erara egindako bakailao txapelketa, Andatza plazan.
- 11:00etan, bigarren eskuko liburuen merkatua, Andatza plazan.
- 12:00etan, buruhandiak, LOZET elkartearen eskutik.
- 13:00etan, haurren danborrada, Jaizkibel enparantzan.
- 13:30ean, sari banaketa eta zozketa, Andatza plazan.
- 14:00etan, azken traka, Andatza plazan.