EDUKI BABESTUA

Izarra bitxitegiak zabalik mantenduko ditu ateak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 6a, 09:44

Geltoki kaleko Izarra bitxitegian, Arantxa eta Nekane.

Geltoki kaleko Izarra bitxitegiak ez ditu ateak itxiko. Guztiz kontrakoa, gogoz ekin diote otsailetik jabe berriek. Orain dela urtebete, aurreko jabeek kartel bat ipini zuten saltokiaren erakusleihoan: denda likidazioan zegoela, erretiroa hartuko zutelako. Horrek, ordea, ez zuen esan nahi itxi egingo zutenik, baizik eta beste dendari batzuek hartuko zutela erreleboa. 

Herritar ugari hurbildu dira dendara noiz itxiko zuten galdetzera, eta hori ez dela gertatuko argitu du Arantxak: "Erretiroa hartuko zutela jakin nuen eta denda hartzera animatu nintzen”. Aurreko jabeen esentzia berdinarekin jarraitzen dute: lehen ondo funtzionatzen zuen eta, orain ere horrela izango delakoan, komertzioa "zegoen bezala" utzi eta berriro zabaldu dute, "betiko produktuekin nahiz berriekin".

Gainera, herrian oso ezaguna den Nekanerekin aurrera eramaten dute negozioa. Berak 30 urtez opari eta papertegi denda izan zuen eta "oso ondo" ezagutzen ditu lasarteoriatarrak. 

Betiko zerbitzuak

Bertara joan nahi duten bezeroentzat hau da ordutegia: astelehenetik ostiralera, 09:30-13:00 eta 16:30-20:00; eta larunbatetan, 09:30-13:00. Dendan zerbitzu hauek ematen dituzte: erlojuen konponketa, piezen konponketak, urre eta zilar salmenta, erlojuko pilak eta korreak aldatzea, argazki markoak edota mahai tresnak izen pertsonalizatuekin. Opari "bitxi" bat egiteko toki aproposa da: langileak adituak dira eta bitxi pieza "ezin hobeak" aurkitzeko arreta ematen dute.