"Pozik nago aurten egindako lanarekin. Oso eskertua nago, entrenatzaileek eta taldeak kristoren aukera eman didate. Nire lehen urtea arraunean izanda Euskotren Ligan lau estropada egitea, bada zer edo zer", adierazi du gazteak.
Liga azken aurreko postuan amaitu du Nortindal Donostiarrak eta kanporaketa gainditu ostean, maila mantentzea lortu du. Abuztuan lehia zuzena eta gogorra izan zuen Donostiako ontziak Hondarribiarekin azken postua ekiditeko: "Estropada bakoitzak eta puntu guztiak kontatzen zuten. Baina azken estropadetan maila handitu genuen eta uste dut, nahiko ondo salbatu genuela azken postu hori eta bukaera duin bat eman diogula denboraldiari".
Nahiz eta Donostia Arraun Lagunak, Orio Orialki eta Tolosaldea beste maila batean egon, gainerakoen artean liga berdindua izan dela uste du herritarrak: "Gure kasuan, nahiz eta ez ginen ondo hasi, liga aurrera joan den bezala koskan gora egin dugu. Batez ere abuztuan eta liga bukaera ez dela hain txarra izan. Nik dudan sentsazioa da Liga luzeagoa izan balitz, ez ginela sailkapenean hain behera egongo; pixka bat gorago bukatuko genuela".
Lanaren fruitua
Liga zazpigarren postuan amaitzeagatik, kategoriari eusteko kanporaketa jokatu behar izan zuen Bantxak. "Larunbatean oso pozik geratu ginen garaipenarekin, konfiantza puntu batekin. Lanaren erdiak eginak utzi genituen. Igandean lan hori borobiltzea izan zen. Hobeto izango litzateke lehen postua eskuratu izan bagenu. Baina helburua maila mantentzea zen eta lortu dugu. Beraz, oso pozik gaude", jakitera eman du Arrutik.
Era berean, azken lehia horretako astea eta asteburua gogorrak izan zirela onartu du: "Maila genuela bagenekien, baina kanporaketan erakutsi behar duzu, gauzak ongi egin behar dira. Bagenekien edozein akats egiten genuela kanpoan geratuko ginatekeela".
Liga amaiera eta kanporaketaren artean, gainera, Kontxako Bandera lehiatzeko sailkatu zen Donostiarra. Lehen asteburuan seigarren izan ostean, laugarren amaitu zuen lehia. "Kontxako postua abuztuan egin genuen lan guztiaren emaitza edo isla izan zen. Gogor eta ondo egin genuen lan, baina Ligan puntu hori erakustea falta zitzaigun; jendeak ikusi zezan maila horretan geundela eta azkenean emaitzak egon ziren", onartu du.
Hurrengo denboraldiari begira lanean hasi da dagoeneko arraunlari gaztea. Aurtengoaren antzera, trainerua aulki mugikorrarekin uztartu ahal izatea espero du Arrutik.