Brankan aritu da denboraldi osoan zehar Belartieta: "Urtetik urtera gusturago nago postuan eta aurten asko gozatu dut. Nahiz eta ziaboga ematerako orduan presioa izan, hobeto kudeatzen ikasi dut".
Goenagak, aldiz, ordezko modura, lurretik bizi izan ditu txapelketak. "Lehia puntu horretatik pasatzea esperientzia gogorra izan da. Hala ere, kontziente naiz taldean dagoen maila altuaz, beraz horrek ikasi eta hobetu nahi izateko indarra eman dit. Presio hori ondo kudeatzea garrantzitsua izan da, eta horrek kirolari bezala hazten lagundu dit", onartu du herriko arraunlariak.
Arlo pertsonalaz gain, taldeak urtean zehar egindako lanaren irakurketa ona egin dute biek. Belartietak azaldu modura: "Kontentu gaude egindako lanarekin eta lortutako emaitzekin. Hasiera-hasieratik emaitza onak lortzea lortu dugu amaiera arte". Eta xedea bete dutela onartu du Goenagak: "Helburua Kontxa eta Liga irabaztea ziren, eta ikusi da neguko entrenamenduek bere fruituak eman dituztela".
Liga gogorra
Liga borrokatua izan da; Orio Orialki eta Tolosaldea izan dituzte aurkari zuzenak eta azken-aurreko jardunaldira arte ez zuten erabaki. Belartietak azaldu duenez, "aurkariak uneoro egon dira gure gainean eta zentzu horretan gogor joan da denboraldia. Asteburuz asteburu joan gara puntuak gehitzen, hasieran kosta egin zitzaigun, baina denboraldia aurrera joan ahala errenta handitzea lortu dugu".
Goenagak, iazkoarekin alderatuz, presio gehiago jasan dutela gaineratu du: "Bi ontzi ate joka genituen arren, taldekideok gure buruarengan konfiantza landuta genuen eta estutasun hori ongi eramaten jakin dugu. Egia da estropada batean edo beste ez dugula jakin urduritasuna kontrolatzen, baina orokorrean asko landu dugu gaia eta liga aurrera zihoan heinean gure buruekiko segurtasuna handitzen joan zen".
Ligako garaikurra eskuratu ostean, Kontxako bandera irabazteko faborito zen Donostia Arraun Lagunak eta eskifaiak ez zuen huts egin. Goenagak jakitera eman duenez, "pozarren gaude egindako lanarekin. Bi igandeetan gure onena eman genuen. Lehen igandeko hamar segundoko alde horrek bigarrenerako lasaitasun puntu bat eman zigun. Baina momentu oro ginen kontziente aurkariak gose zirela eta ezin ginela erlaxatu". Belartietaren aburuz, lehen igandean "hasieratik amaierara sekulako estropada" egin zuen Lugañene-k eta horren ondorioz bigarren saioan, itsaso mugitura ongi moldatu ostean, asko gozatu zuten.
Merezitako atsedenaldiaren ostean, aurredenboraldiari hasiera emango diote aurki bi arraunlariek.