Lasarte-Orian erakutsi dute, estreinakoz

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 3a, 12:52

Ane Labaka Mayozen 'Hezur Berriak' poema liburuan oinarritutako bertso saio literarioa erakutsi dute, lehenbizikoz, Lasarte-Orian. Labaka arduratu da liburuko zenbait testu irakurtzeaz, eta horiek musikaz jantzi ditu Ines Osinaga Urizar musikariak. Alaia Martin Etxebeste, Miren Amuriza Plaza eta Uxue Alberdi Estibaritz aritu dira bertsotan

Ane Labaka Mayoz herritarrak 'Hezur berriak' poema liburua argitaratu du aurten. Lan horretan oinarritutako bertso saio literario batzuk antolatu ditu Ines Osinaga Urizar musikariarekin eta Uxue Alberdi Estibaritz, Alaia Martin Etxebeste eta Miren Amuriza Plaza bertsolariekin batera. Horiek guztiak igo ziren atzo iluntzean Manuel Lekuona Kultur Etxeko oholtzara. 

Labakak berak eman zien ongietorria aretoan bildutakoei, eta eskertu, bertaratu izana. Esker hitzak izan zituen ere ordu berean Okendo plazan Gazara zihoan elkartasun flotillari babesa adieraztera joandakoentzat.

Bere etxera ongietorria emanaz hasi zuen saioa, eta bertso libre bana kantatu zuten gero Martinek, Amurizak eta Alberdik. Musikak eta hitzek hartu zuten ostean protagonismoa. Osinagak aireratutako doinuekin batera, ama senari eta ama izatea erabaki izanari buruzko hitzak ekarri zituen aretora lasarteoriatarrak. Hari horri tiraka, mikrofono aurrera deitu zituen hiru bertsolariak, eta kantuan aritzeko lehen gaia eman. Eskatu zien abesteko noiz, non, nola eta norekin erabaki zuten ama izan nahi zutela. 

Martinek kantatu zuen lagun artean hautatu zuela, mila aldiz pentsatuta, eta Alberdik, berriz, lehenengo egin egin zuela, eta gero erabaki. Amurizak, berriz, deliberatzearena momentu jakin bat baino, prozesu bat izan zela kontatu zuen. 

"Kolpe bat mahaiaren erdian"

Gorputza jartzeaz aritu zen gero Labaka; gai horren gaineko bere hitzak partekatu zituen Osinagaren musikak lagunduta: "Gorputza jartzea da zure aurkako pintada, parekoaren begiradan. Erresistentzia, erresilientzia. Kolpe bat mahaiaren erdian. Da eustea, elkarri eustea". 

Jomuga horretatik, gorputz beraren bi aldarte bilakarazi zituen Martin eta Alberdi; barnerako, babeserako eta ezkuturako agertu behar zuen lehenak, eta boteretuta, indartsu eta plaza leherrarazteko prest, berriz, bigarrena. 

Sortu zuen bertso sortaren barruan, honako hau kantatu zuen Martinek: 

"Bizi gara modu
lehor eta eroan, 
beti poz eta kulpa
erreleboan.
Batzutan mundutikan
nahiko nuke joan
eta sartu nahi nuke
nire uteroan".

Horrela jarraitu zituen hitzok Alberdik:

"Ba ni zulotik irten
beso ta ukabil,
hala nahi dut barruan
ez bainago trankil.
Nere zainetan barna
nerbio bat dabil
ta ozen entzuten dut:
esnatu ala hil!".

Saioak aurrera egin ahala, bestelako begirada eta ikuspuntutatik aritu ziren sortzaileak amatasunaren askotariko ertzez. Saio eder bezain gozagarria ondu zuten elkarrekin. Ikus-entzuleen gustukoa izan zela ere suma zitekeen; txalo zartak jaso zituzten etengabe.