Aurredenboraldia atzean utzi eta Ohorezko B Mailako zein Euskal Ligako taldeek denboraldiko lehen neurketari egingo diote aurre hilaren 4an eta 5ean.
Irailean zehar, Recoletas Fenix, FC Barcelona, Ordizia eta Gaztediren aurka lagunartekoak jokatu ostean, Ohorezko B mailako taldeak SteelPhalt Getxo RTren aurka neurtuko ditu indarrak Astin (Zarautz), hilaren 4an, 16:00etan.
Euskal Ligako I. Mailako Orbinox Gipuzkoa Sortzenek, aldiz, Atletico San Sebastian izango du aurkari donostiarren zelaian, hilaren 5ean, eguerdian.
Bilbon (Bizkaia) lehiatu da Euskal Ligako II. mailako taldea lehenengoz. Baina Universitario Bilbaoren aurkako hitzordua astebete geroago izango da, hilaren 11n.
Gesalaga Okelan Zarautz eta Beltzak RTko 18 urtez azpiko zein 16 urtez azpiko jokalariek ere lehiaketa sasoia hasiko dute; Eibarren egingo diote aurre biek Gaztediren taldeei.
Eta errugbi eskolako kideei dagokionez, 14 urtez azpikoek irailaren 28an Plaiaundin hasi zuten sasoia eta bigarren hitzordua, Iruñean izango dute; 12 eta 10 urtez azpikoek, aldiz, hilaren 5ean Hondarribiko hondartzan lehiatuko dute lehen topaketa.
Hilaren 18ra arte, Lasarte-Oriako zaletuek ez dute Atsobakar kirol gunean zuzenean neurketa batez gozatzeko aukera izango. Egun horretan Gipuzkoa Sortzenen II. mailako taldeak Iruñea hartuko du ligako bigarren jardunaldian.
Euskadirekin lanean
Erik Perez, Eneko Sanchez eta Lander Zabala herritarrek Euskadiko selekzioaren deia jaso zuten.
Irailaren 29an entrenamendu saioa egin zuten 16 zein 18 urtez azpiko taldeek; Perezek lehenarekin egin zuen bat Zarautzeko Asti zelaian eta Sanchez eta Zabalak, aldiz, Ordizian izan zuten 18 urtez azpikoen topaketa.