Israelek elkartasun flotilla erasotu duela salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 2a, 08:32

Kontzentrazio zaratatsua egin zuten irail hasieran Palestinaren alde.

Lasarte-Oria Palestinarekin herri ekimeneko kideek iragarri dute mobilizatu egingo direla gaur arratsaldean, Gazara elikagaiak daramatzan Global Sumud ontzidiko hainbat ontzi Israelek erasotu dituela salatzeko. 19:00etan ekingo diote ekintza horri.

Aktibista mordo batek abiatu zuen Gazako zerrendara bidaia, setiopean dauden biztanleei elkartasuna eta elikagaiak eramateko asmotan. Palestinako kostaldetik itsas milia gutxitara zeudela, nazioarteko uretan, ejerzitu israeldarrak hogei ontzi atzeman zituen eta ontzietan zihoazen 530 aktibistetatik (tartean, lau euskal herritar) berrehun bat atxilotu zituen. Horrez gain, ontzidia ur kanoiekin erasotu zuen eta ontziren bat kolpatu ere bai; fusilekin armaturik igo ziren eta oldarkor jokatu zuten ekintzaile horien kontra.

Israelen ekintza horren aurkako erreakzioak han eta hemen hedatu dira eta elkarretaratzeak nahiz manifestazioak deitu dituzte hiriz hiri eta herriz herri, baita Lasarte-Orian ere.

Gaur arratsaldeko elkarretaratzea iragartzeko deialdia.